San Antolin jaietako parte hartzea nabarmendu dute udaleko ordezkariek
Ekintzek izan duten harrera ona eta arrisku larririk edota istilurik egon ez izana azpimarratu ditu Lekeitioko Udalak. Parkeko gunea goraipatu nahi izan du Lekeitioko EH Bilduk2018ko San Antolin jaiak amaitu dira, baina erabat ahaztu orduko balorazioa...
Ekintzek izan duten harrera ona eta arrisku larririk edota istilurik egon ez izana azpimarratu ditu Lekeitioko Udalak. Parkeko gunea goraipatu nahi izan du Lekeitioko EH Bilduk
2018ko San Antolin jaiak amaitu dira, baina erabat ahaztu orduko balorazioa egin dute Udal Gobernu Batzordeak eta Lekeitioko EH Bilduk, gehien eta gutxien gustatu zaizkien ekintzak zeintzuk izan diren azaltzeko. Biek ala biek jaietako parte hartzea nabarmendu dute.Jaien balorazio positiboa egin du Lekeitioko Udalak, eta ekintzek izan duten harrera ona eta arrisku larririk edo istilurik egon ez izana azpimarratu du. Oro har, ekintza gehienetara jende ugari hurbildu dela azaldu du udalak, eta herritarrek jaietako ekintzetan parte hartzeko erakutsi duten prestutasuna nabarmendu dute. Aipamen berezia egin diote, bestalde, aurtengo kontzertuen eskaintzari. «Jaietan musika protagonista bilakatu zen, adin eta gustu ezberdinetako jendeari zuzendutako kontzertuak eskainiz. Irailaren 1ean, lehen aldiz, Eskolapean disko dantza antolatu zen, eta asko izan ziren bertara hurbildu zirenak, plazaz gain kontzertuez gozatzeko gune berri bat sortuz».
Ume eta gazteentzako ekintzek ere arrakasta handia izan dutela azaldu dute, mastapuntakoa, buruhandiak eta suzko zezenen kalejirak aipatuz.
Udalak azaldu duenez, Antzar Egunean ez zen egon arrisku larririk eragin zuen gertakaririk ez eta istilu larririk ere. «Antzar ekitaldia amaitu eta gero geratu zen Gurutze Gorriko anbulantziak bederatzi gertaera izan zituen, Osakidetza Emergentzietako ZIU mugikorrak bat eta Lekeitioko anbulantziak zazpi». Irailaren 1ean, berriz, 13 pertsona artatu zituzten, horietatik 5 adingabeak, eta pertsona bakarra eraman zen urgentziaz ospitalera». SOS Deiak-ek guztira 34 esku hartze egin zituen jaietako zortzi egunetan, gehienak istripuengatik.
Zirkulazio pilaketak ekiditeko autobus zerbitzu berezia jarri zuen Bizkaibusek Antzar Egunean, eta 7.600 bidaiari egon ziren guztira, iaz baino %18 gutxiago. Alderantziz, aurten autobus pribatuen kopuruak zeharo egin du gora; 40 autobus etorri ziren Lekeitiora egun horretan.
Kaleetako garbitasunari dagokionez, guztira, 13.260 kilo zabor batu dituzte, Antzar Egunaren ostean gehien: 5.720 kilo.
Txaloak eta kritika
Aurtengo musika eskaintza, orokorrean, ontzat jo du Lekeitioko EH Bilduk, bai jai batzordeak zein txosna batzordeak antolatutakoa. «Musika mota egokia izan da kasu gehienetan gure ustez, eta euskararen presentzia balekoa». Hala ere, emakumezkoen presentzia orekatzeko beharra ikusi dute, eta herritar musikariak bultzatzeko ahalegin gehitxoago egin daitekeela uste dute.
Parkeko Gunea goraipatu dute. Balore aurrerakoiz eta gizatasunez betetako gune alternatibo eredugarria dela uste dute. «Bere gaztetasunean freskura eta haize gozoa eskaintzeko gaitasun aparta erakutsi du aurten ere. Gainera, diru laguntza eza kontutan izanik, are txalogarriago da gune hau hain indartsu ikustea». Aurten atera den emakume txistularien kalejirak eman duen freskotasun atsegina eta jaietako ekintzetan herritar askok parte hartu izana ere azpimarratu dituzte.
Zuzendu daitezkeen gaien artean, faltan bota dituztela esan dute emakumeen aurkako erasoen inguruko salaketak, «egon izan dira eta halako erasoak». Gai horretan jarrera irmoa agertzeko nahia badagoela ikusita, erasorik txikienaren aurrean ere adierazpen publikoak eman behar direla uste dute.
Horrez gain, sortzen den lohi kopuru handiak eta bereziki plastikoen kontuak kezka handia eragin die. «Tarteko irtenbidea izan daiteke zakarrontzi egokiagoak eta txosnak darabilten edalontzien eredua. Ez gara garbiketa bidez zaborra desagertaraztera mugatu behar, ahal dela, gutxiago sortzera begirako urratsak eman behar genituzke». Bestalde, kalean jarritako komun mota eta kopuruak egokitu beharra ere ikusi dute.
Azkenik, Udal Gobernu Batzordearen jarrera gaitzetsi dute. «Kritikagarritzat jotzen dugu Udal Gobernu Batzordearen obsesio itsua guzti-guztiari etekin politikoa ateratzeko. Askotan, gainera, herriko eragileen jarduna gutxietsiz edo estaliz». EAJko zenbait kideren itxurakeriak auzo lotsa sorrarazi diela adierazi dute.