Ibarrangeluko Udalaren eskariz, Bizkaibuseko A3526 lineak udako ordutegia dauka urrira arte
Mungia, Gernika-Lumo, Laida eta Laga hondartzak eta Ibarrangelu batzen dituen Bizkaibuseko A3526 lineak udako ordutegia izango du urriaren 1a arte. Hain zuzen, Ibarrangeluko Udalaren eskariz, udako ordutegia mantenduko dute datozen bi asteburuetan.
Azken urteotan, irailaren 1etik aurrera, neguko ordutegia ezarri izan dute. Aurten ere horrela egin zuten, baina aurreko astean lortu zuen udalak urrira arteko asteburuetan ere zerbitzua eskaintzea.
Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak azaldu duenez, neguan ere zerbitzu hori bermatuta egotea gura dute, eta horretarako ahaleginean ari da udala: “Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraio diputatuagaz batzartu ginen, eta behintzat lortu dugu hilabete hau amaitu arte asteburuetan zerbitzua egotea. Baina, neguan ere garraio publikoak uztailean eta abuztuan duen zerbitzua izatea gura dugu”.
Alkatearen berbetan, diputatuak eta garraio zuzendariak neguan zerbitzu hori eskaintzea aztertuko dutela hitz eman diete. Izan ere, neguan hainbat auzotako bizilagunak zerbitzu barik geratzen dira asteburuetan.
Uztailean eta abuztuan, aipatu linea horren barruan zerbitzu berezia eskaintzen du Bizkaibusek. Hala, hondartzetara joateko ordu erdiko maiztasuna izaten du lineak, astegunetan zein asteburuetan.
Neguan, ostera, asteburuetan eta jai egunetan ez da egoten Gernika-Lumo eta Ibarrangelu arteko zerbitzurik (autobusek Mungian irten eta Gernika-Lumon amaitzen dute ibilbidea).
Horrenbestez, urriaren 1ean hasita, astelehenetik barikura, 09:00etan, 12:00etan, 14:10ean, 17:00etan eta 20:00etan aterako da autobusa Gernikatik Ibarrangelura.