Hormonen kutsatzaileei buruzko solasaldia egingo dute Gernika-Lumon, bihar
Lurgozo kontsumo ekologikoaren aldeko Urdaibaiko elkarteak hormonen kutsatzaileei buruzko hitzaldi-solasaldia emango du bihar, Foru plazan dagoen Maria Agirre aretoan. 19:00etatik aurrera, aipatu kutsatzaileei buruzko informazio zabala eskainiko dute.
Ekologistak Martxan taldeko Koldo Hernandezek zuzenduko du biharko saioa, eta bere elkartearen Hormona Kutsatzaileetatik Aske kanpainaren nondik norakoak ere azalduko ditu.
Aipatu kanpainaren barruan, gida bat argitaratu zuten kutsatzaile horiek non dauden zehaztuz. Besteak beste, pestizida hondakinak dituzten elikagaietan, uran, ontzietan, eraikuntzako, informatikako eta klinikako materialetan, latetan, plastikoetan eta arropetan aurki daitezke.
Hormonen kutsatzaileei disruptore endrokrino ere deitzen diete. Glifosotoa, A-Bisfenola edo flalatoak bezalako sustantzia kimikoak dira. “Giza gorputzean eta animalia askorenean eragiten duten sustantziei disruptore endokrino deritze, hormonen ekoizpenaren oreka eraldatzen dutelako eta, prozesu fisiologiko ugari kaltetuta suertatzen direnez, osasuna bera ere kolokan jartzen dute”, azaldu dute Lurgozoko ordezkariek.
Osasun arloko profesionalen artean kezka eragin duen gaia da. Esaterako, 2013an Osasun Publikoaren eta Osasun-Administrazioaren Espainiako Elkarteko 3.800 zientzialari eta profesionalek kezka agertu zuten.
2015ean espainiar Nekazaritza Ministerioak emandako datuen arabera, bi barazki freskotik gutxienez batek pestizida du; fruta eta barazki-ale askotan hiru eta zazpi pestizida artean aurkitu daitezke.
Ekologistak Martxanek egindako txosten batean, ostera, errealitate gordinagoa erakusten dute. Zuzenean zure hormonetara: elikagai distruptoreen gida-n zehazten dutenez, Kontsumoaren, Elikadura-Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak aztertutako 761 plagizidetatik, sistema hormonala erasoteko gai diren 38 sustantzia legal daude.
Lurgozo elkartekoek jakitera eman dutenez, erabiltzea debekatuta egon arren, oraindik orain elikagaiek DDT-a edo endosulfana bezalako sustantziak dituzte.
Eraginak azkarragoak edo geldoagoak izan daitezke. Diotenez, eraldaketek fetuaren garapenari eragiten badiote itzulezinak diren malformazioak eta gaixotasunak ager daitezke: “Zenbait disruptorek geneen adierazpenean eragiten dute eta aldaketak ondorengoetan ager daitezkeenez, seme-alabek zein bilobek eragin kaltegarriak paira ditzakete. Baina disruptoreak emankortasunerako oso kaltegarriak dira. Era berean, bularreko, obulutegietako… tumore hormono-dependienteekin lotzen dira. Sindrome metabolikoa, obesitatea eta diabetesa, edota kalte neurologikoak eta portaerazkoak (kontzentrazio-falta, memoriaren galera, neke kronikoa…) disruptore endokrinoek eragindakoak edo erraztutakoak izan daitezke”.
Erakunde ekologistek eta disruptore endokrinoak aztertzen dituzten zientzialariek elikagaietan hondakin moduan onar daitekeen gutxieneko dosi ez kaltegarririk ez dagoela ziurtatzen dute eta haien debekua eskatzen dute.