Arrantza kirolariei zuzendutako
Bermeo Tuna Tagging Race kirol proba AZTI zentro teknologikoak Bermeo Tuna World Capital ekimenaren barnean antolatutakoa da, eta
bihartik hasita, domekara arte egingo dute Bermeon. “Zientzia egiteko modu dibertigarri” bat bezala aurkeztu dute.
Mota horretako proba bat Bizkaiko golkoan egingo duten lehendabiziko aldia izango da. Hala, proban parte hartuko duten
hamar ontzietako eskifaiako kideek hegamotzak marka elektronikoarekin markatuko dituzte, eta horrek AZTIko langileek inguru horretako tunidoei jarraipena egitea eta ikertzea ahalbidetuko du. Lortutako datuek
ezagutza zabalagoa eskainiko dute hegamotzen egituraren inguruan eta, ondorioz,
kudeaketa jasangarria hobetzen lagunduko dute.
Markaketa lanak egiterakoan, tunidoen edo beste espezie batzuen aleak harrapatzen dituzte. Ondoren, ale bakoitzaren hainbat neurri hartzen dituzte, tamaina eta pisua adibidez, uraren tenperatura neurtzen dute, eta markaketaren data eta kokapena hartzen dituzte. Arraina marka batez identifikatu eta gero, itsasora itzultzen dute.
Markatutako arrainak etorkizun batean berriro harrapatzen dituztenean,
datu biologikoak hartzen dituzte berriro ere (neurria, pisua eta sexua), ingurunekoak (tenperatura eta kokapena) eta berrarrapaketarenak (data eta kokapena).
Ohiko markaketa lanak oso baliagarriak dira arrainen populazioak oro har mugitzeko dituen joerak behatzeko: adibidez, markaketan eta harrapaketan duen kokapena. Hala ere, metodo horrek ez du informaziorik eskaintzen eskala tenporaletan, hau da, ez dago jakiterik berrarrapatu ostean arraina nondik igaro den, ezta beste xehetasunik ere portaera indibidualari buruz.
Bermeo Tuna Tagging Race-k markaketa egin eta ikertzerako orduan berritasun bat dakar: marka elektronikoak animaliatik askatzen dira, lur azalera igotzen dira eta, satelite bidez, informazioa bidaltzen die ikertzaileei; ondorioz, marka horietarako
ez da beharrezkoa berrarrapaketa egitea. Gainera, marka elektronikoek informazio zehatzagoa eta zabalagoa ematen dute, eta horrek tunidoen ulermen biologiko handiagoa ahalbidetzen du, eraginkortasunez ebaluatu eta antolatzeko.
Hegamotzak markatu ostean, ahalik eta azkarren askatuko dituzte. Argazkia: AZTI
Ikertzaileek lortutako informazioagaz hegamotzaren biologiaren
hainbat datu ikertu eta kalkulatu ahal izango dira: populazioaren kopurua, hilkortasun tasak, banaketa geografikoa, migrazioak eta migrazio tasak, hazkundea edota portaera, besteak beste.
Asteburu osoko proba. Kirol probaren hasiera Bermeoko portuan emango da, barikuan. Parte hartuko duten hamar ontziek hegamotz erraldoiak harrapatu, markatu eta askatu egin beharko dituzte asteburu osoa iraungo duen jardueran.
AZTIkoek adierazi dutenez,
Bermeo Tuna Tagging Race “
izaera zientifikoko kirol proba” bat da, eta beraz, derrigor bete beharreko hainbat baldintza ditu: probaren xedea hegamotza markatu eta ahalik eta azkarren egoera ezinhobean askatzea da. Biologoen talde batek ikuskatuko ditu harrapatzeko prozesu guztiak, eta, arrainengan kalterik eraginez gero, pieza askatzeko agindu dezakete.
Taldeek harrapaketaren berri eman beharko diete biologoei hauteman bezain azkar, patroiek bileran lanerako adieraziko den kanala erabiliz. Irratiz jakinarazi gabeko harrapaketak taldea deskalifikatzea eragingo du. Era horretara, parte hartzaileei hegamotzaren egoera zaintzeko “praktika onak erakustea” bilatuko dute, eta “ekintza jasangarria dela bermatuko dute”.
Kultura, kirolagaz batera. Kirol probagaz batera, Bermeoko portura hurreratzen direnek ere
beste zenbait jarduerez gozatzeko aukera edukiko dute. Olatuaren eskulturaren ondoan, karpa batzuk jarriko dituzte, bai eta Bermeo Tuna World Capital elkarteari buruzko informazio gune bat ere. Karpa horietan, larunbat goizetik hasita,
hitzaldiak eta informazio pantailak jarriko dituzte, arrantza espezieen iraunkortasuna babesteko modu gisa markaketa zeinen garrantzitsua den ikusarazteko.
Informazio guneez gain, portua girotzeko
ikuskizunak ere eskainiko dituzte egitarauaren barruan. Zapatuan,
19:00etan, AIAMA abeslariak
kontzertua eskainiko du. Bermeotarrak brasilgo musika eta hip-hopa jazzagaz eta kubatar musikagaz nahasten ditu. Domekan,
12:30tan, Markeliñe konpainiak
Crusoe kale antzerkia aurkeztuko du leku berean. Familia osoari zuzendutako sorkuntza lana egin dute, “itsasoaren eta itsastar munduaren zaporea duena”.