Bizkaiko eta Euskal Herriko txapelketetarako puntuagarriak izan diren zaldi probak lehiatu dituzte aurreko barikutik martitzenera (irailaren 14tik 18ra).
Motrollo izan da kinttopeko probaren irabazlea.
Argazkia: Illuntzar Jai Batzordea.
Aipatu bost egunotan, hamasei zaldik parte hartu dute txapelketan; horietatik sei kinttopekoak izan dira, eta gainontzeko hamarrak, libreak. Baraiazarra maumetarra libreetan izan da irabazlea, eta kinttopekoetan, onena izan da Motrollo munitibartarra. Hain zuzen, barikuan eta zapatuan kinttopeko zaldiak aterako ziren Nabarnizeko frontoiko probalekura, eta hurrengo hiru egunetan, aldiz, librean aritzen direnak. Txapelketa Nabarnizko harriagaz lehiatu dute.
Kinttopekoei dagokionez, 62 untza eta 1,16 metroko markagaz nagusitu da Motrollo. Zumaiako Talaia Jatetxea sailkatu da bigarren, 55 untzagaz. Hirugarren eta laugarren sailkatuen artean alde estua egon da; herriko Nabarniz Jatetxeak lortu du hirugarren postua, 53 untza 3/4 eta 4,95m-ko lana eginda, eta Bermeoko Aurrekoetxea Anaiak laugarrenak 53 untza egin ditu.
Argazkia: Illuntzar Jai Batzordea.
Bestalde, libreetan 68 untzako markagaz loru du garaipena Baraiazarrak. Untza bakarreko aldea atera dio Koba aulestiarrari. Hirugarren postua ere Aulestira joan da; 60 untza eta 2,60 m-ko marka egin du Juan Uriartek. Nabarniz Jatetxea hirugarren postutik hurbil geratu da, 59 untzagaz.
SAILKAPENAK:
- Motrollo (Munitibar) 62 untza 1,16m
- Talaia Jatetxea (Zumaia) 55 untza
- Nabarniz Jatetxea (Nabarniz) 53 untza 3/4 4,95m
- Aurrekoetxea Anaiak (Bermeo) 53 untza
- Fermin Santamaria (Guriezo) 45 untza
- Belaustegi (Berriatua) 32 untza
- Baraiazarra (Maume) 68 untza
- Koba (Aulesti) 67 untza
- Juan Uriarte (Aulesti) 60 untza 2,60m
- Nabarniz Jatetxea (Nabarniz) 59 untza
- Kocco denda (Bilbo) 56 untza 3/4 6,76m
- Adorrixa Anaiak (Etxebarria) 56 untza
- Txibilter (Azkoitia) 50 untza
- Aitor Alzaa (Aulesti) 48 untza 3/4 5,30m
- Rasse denda (Durango) 30 untza
- Maider Erauzkin (Bermeo) 4 untza 0,57m