2011. urtean sortutako talde bermeotarra da Urgatz, eta aurten bere hirugarren diskoa argitaratu du,
Hori. Sei abestiz osatutako diskoan, denetariko gaiak landu nahi izan dituzte, eta eboluzio argi bat bizi dutela aldarrikatu, “behin eta berriz” entzutekoak diren abestiekin. Diskoaren aurkezpena Busturiko Otsozulo gaztetxean egin zuten, eta uda garaian Bermeoko, Gernika-Lumoko, Ondarroako, Bilboko edota Behe Nafarroako eta Frantziako oholtzetara igo dira.
Hori izeneko hirugarren diskoa argitaratu berri duzue. Zer aldatu da beste diskoetatik?
Lehenengo bi diskoak guk autoekoiztuak izan dira: guk geuk grabatu eta ondorengo pauso guztiak egin genituen. Guk dena egiterakoan beti geratzen ginen sentipen berberagaz, diskoa kaleratu orduko zerbait oker zegoela pentsatuz. Oraingoan, hirugarren diskoa egiterakoan, ekoizle batengana jo dugu gure abestiekin laguntzeko; estudio profesional batean grabatu dugu gure lana, eta, egia esan, soinu aldetik asko nabaritzen da. Profesional bategaz lan egiterakoan nahi izan dugun gauza bakarra izan da musika egiteari utzi baino lehenago, nork jakin hori noiz gertatuko den, harro egotea sentiarazi eta gustura behin eta berriz entzungo dugun diskoa kaleratzea, beti akatsak entzuten egon beharrean, eta horiei bueltak emanez.
Akatsik bariko lana egin duzue, beraz?
Orain ere, aldaketa honegaz akatsak edo hobetzeko gauzak ere nabaritzen ditugu, noski, baina askoz ere gutxiago pasatzen zaigu. Guri benetan gustatzen zaigun musika sortzea lortu dugula uste dugu azken lan honegaz, gure gustukoak diren estiloak irudikatzea gure lanean.
Argazkia: Urgatz Taldea
Zein desberdintasun dago diskoa autoekoiztearen edo estudio batean ekoiztearen artean?
Kasu honetan, bi desberdintasun nagusi daude: alde batetik, soinu aldetik nabaritzen den kalitate aldaketa, zalantzarik barik. Bestetik, Hori-gaz ekoizle baten eskuetan jarri garela, hau da, guk gure abestiak sortu ditugu, baina ekoizle horri bere ikuspegia, bere ukitu artistikoa gehitzeko eskatu diogu. James Morgan ekoizle britainiarragaz egin dugu lan. Estudioa Mungian dauka, eta askatasun osoa eman diogu gure lana berak nahi izandako eremura eramateko. Orain arte grabatutako lanetan, entsegatzen aritzerakoan bezalako musika sortzen genuen, eta ekoizleagaz beste pauso bat ematea lortu dugu, errekurtso berri batzuekin lan eginez, lokalean gure kabuz guk maneiatzen genituen baliabideetara bakarrik mugatu beharrean, gitarra elektrikora, bateriara edo mikrofonora mugatu barik.
Gustura sentitu zarete beste pertsona bati zuen lanarekiko eskubide hori ematerakoan?
Bai, eta, egia esan, hemendik kanpora horrela funtzionatzen du musikaren munduak. Euskal Herrian ez da arrunta izaten kanpoko ekoizlearen irudi hori, baina guk argi izan dugu disko bat horrela egin nahi genuela. Gure kontura gehiago ezin genuela egin konturatu ginen, horma batera iritsi ginela sentitzen genuen. Gure abestiek eboluzioa izatea bilatzen genuen, eta horretarako ekoizlea behar izan dugu. Hala ere, guk askatasun osoa eman diogun arren, bera uneoro gure zain egon da, zerbait gustuko izango ez dugun beldurragaz, zertxobait deseroso egoten zen hasieran.
Zenbat abesti sortu dituzue?
Sei kanta egin ditugu. Nahikoa geldoak gara lan berriak landu eta argitaratzerakoan, buru-belarri aritzen gara-eta abestiekin, eta oraingoan gauza berri bat probatu nahi izan dugunez, ahalik-eta lan hoberena egiten saiatu gara. Hamarreko diskoa egin nahi izan dugu, lan borobila, eta abesti bakoitza askoz ere gehiago mimatu dugu.
Zelako eragina izan nahi izan duzue?
Jendearengana iritsi nahi izan dugu. Hori esanda, guretzat egiten dugun musika sortzen jarraitu dugu, baina jendearengan eragin bat izatea bilatu dugu. Esate baterako, Bermeon eta inguruan euskaraz egiten duten taldeak existitzen direla jakin dadin nahi izan dugu, gure lanak euskaraz egitea ardura bat izango balitz bezala hartzen dugu. Beraz, guretzat eta ondo pasatzeko egiten dugun gauza bat izan arren, nolabaiteko hedapena izan nahi dugu, jendeak entzutea.
“Hamarreko diskoa egin nahi izan dugu, lan borobila, eta abesti bakoitza askoz ere gehiago mimatu dugu”
Argitaratu dituzuen lanetan beste euskarri batzuez baliatu zarete, adibidez, antzezlan bat argitaratu duzue DVDan. Antzeko zerbait egin duzue azken lanagaz?
Antzerkia edota liburua argitaratu genituen diskoagaz batera. Gure burua edozer egiteko gai zela ikusteko sortu genituen aparteko lan horiek. Orduan genuen adinarengatik harrapatuta edo, 21-22 urtegaz galduta egoteko sasoia genuen, eta gure burua topatzeko asmoagaz sortu genituen aparteko lan horiek, zer egitea gustatzen zitzaigun ikusteko. Oraingo honetan, gure buruari musika talde bat garela esan nahi izan diogu, eta, beraz, arreta musikan jarri dugu. Aukeratu egin behar izan genuen, idazle, antzerkilari edo musikagile izatearen artean, eta argi izan dugu egin nahi genuena zer zen.
Esan bezala, oraingoan ez digu balio gure musika hiru edo lau pertsonarentzat izateak, ez dugu inoren belarriaren atseginerako konposatzen, bestela beste musika mota bat egingo genuke, baina musikan eta honen hedapenean zentratu nahi izan dugu. Beste alde batetik, bideoklipetan lan handia egin dugu. Taldeko bi kidek esku ona daukate ikus-entzunezko lanak egiterakoan, eta horiei garrantzia handia eman diegu disko berria sortzerako orduan.
“Euskal Herrian ez da arrunta izaten kanpoko ekoizlearen irudi hori, baina guk argi izan dugu disko bat horrela egin nahi genuela”
Hala ere, beti mantendu zarete zuen estiloan, musika komertzialetik urrundu zarete.
Bai, alde horretatik ez dugu zalantzarik. Ez dugu une honetan arrakastatsuak diren korronteak kontrolatzen, eta ez gara inongo hiri-triburen baten barruan ikusten. Musika egunero entzuten dugun arren, ez gara musika zehatz baten bila aritzen. Edozer entzuten dugu: Tooth-etik Mozartera bitartean mugitzen gara, eta hortik guk gustuko duguna sortzen dugu, inolako erreferente zehatzik hartu barik, ez gara horretan geratzen.
Aurkezpenaz geroztik batetik bestera ibili zarete. Non eta noiz eskainiko dituzue hurrengo kontzertuak?
Bilbon eratu duten musika jaialdi berri batean joko dugu hurrengo kontzertua, urriko lehenengo asteburuan, Barruan deitzen den jaialdian.