Bermeoko antzerki tailerrean izena emateko epea ireki dute
Bermeoko Udalak antolatuta, Eneritz Artetxe aktoreak gidatutako antzerki tailerrean izena emateko epea ireki dute.Maite Alvarez Bermeoko Euskara teknikariak azaldu duenez, «iazko ikasturtean antzerki tailerrak izan zuen arrakasta» kontuan izanda, ora...
Maite Alvarez Bermeoko Euskara teknikariak azaldu duenez, «iazko ikasturtean antzerki tailerrak izan zuen arrakasta» kontuan izanda, oraingo honetan ikastaroaren saioak urritik hasiko dira, eta ikasturte osoan ariko dira lanean antzerki-ikasleak.
Euskara teknikariaren berbetan, saioak asterokoak izango dira, eta eguaztenetan egingo dituzte, 18:00etatik 20:00etara. Ikastaroa egiteko hautatu duten kokalekua Bermeoko Kultur etxeko 1.2 entsegu gela izango dela argitu dute. Tailerrean 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute, eta horretarako Berhaz bulegoan izena eman beharko dute. 115 euroren truke ikasturte osoko saioetara joan ahalko da.
Artetxek nabarmendu duenez, antzerki tailerraren helburua «kultura alorreko euskarazko sorkuntza lanari bidea ematea» da. Hala, tailerrean antzerkiagaz zerikusia duten hainbat alor landuko dituztela azaldu du, gorputz eta ahots adierazpena, tonua, erregistroa edota inprobisatzeko saioak.
Parte hartzaileek banakako, binakako eta taldeko ariketak egingo dituzte, eta landutako kontzeptuak «eszenan praktikan» jarri ahalko dute.