Asteburu borobila, lagunarteko giroan
Berriatuan Aitxe Kurutz eta Ariatzan eta Errigoitin Santa Kurtze jaiak ospatuko dituzte egunotan. Eskaintza zabala dakarte; esaterako, kuadrillan batzeko ekintzak dituzte Ariatzan eta Berriatuan.Urtero Santa Kurtze edo Aitxe Kutz eguna ospatzen dute ir...
Berriatuan Aitxe Kurutz eta Ariatzan eta Errigoitin Santa Kurtze jaiak ospatuko dituzte egunotan. Eskaintza zabala dakarte; esaterako, kuadrillan batzeko ekintzak dituzte Ariatzan eta Berriatuan.
Urtero Santa Kurtze edo Aitxe Kutz eguna ospatzen dute irailaren 14an Muxikako Ariatza auzoko, Berriatuko eta Errigoitiko bizilagunek. Bihar izango da jai egun handia, baina ariatzarrek eta berriatuarrek asteburuan ere hamaikatxo ekintza dituzte, ondo pasatzeko.Berriatuko Aitxe Kurutz jaiek hasiera ikusgarria edukiko dute. Bakene Erkiaga zaldizko berriatuarra eta Lanbro zaldia herriko bost txirrindulariren aurka neurtuko dira. Erronka ondokoa da: Asterrikara zein heldu lehenago. «Ez dago apusturik. Ikuskizun polit bat eskaintzea da asmoa», dio Ander Txakartegik. Beragaz Kepa eta Xabier Garate Seleta anaiak, Egoitz Aranzeta eta Aitor Antxustegi ariko dira txirrinduan. Erreleboka egingo dute 1.400 m-ko ibilbidea; Sagarmintxen hasi eta Etxano Burun amaituko dute. Txirrindulariek 20 segundoko abantaila dute irteeran. «Lehia nahikoa estua izango da, ikusgarria oso».
Antxustegi da txirrindulari zaharrena, eta bera da probari hasiera emango diona. «Xabi Garatek emango dio erreleboa, eta hirugarren Kepa Garate sartuko da. Laugarrena txirrindulari gazteena izango da, Aranzeta; azken zatia nik egingo dut», dio Txakartegik. Azken zatian presio handiagoa edukiko duela eta erreleboka aldapa batean aritzea nahikoa konplexua izango dela dio. Herritar asko gerturatzea espero dute: «Ikuskizunak merezi du». Ikustera doazenei errepidea 18:45ean itxiko diete. «19:15ak arte egongo da itxita». Autoak eta publikoa asfaltotik kanpora egon beharko dira, «asfaltoan egingo da proba eta».
Ariatzan, berriz, Imanol Enbeita Atxelipe txokoko presidenteak botatako pregoiagaz hasiko dituzte jaiak gaur. Jarraian, Bezperada Eguneko tradizioari eutsiz, makailao jana eta porra txapelketa izango dituzte.
Domekan ere, ohitura legez amaituko dituzte jaiak: Saragiaren hiletaren antzezpenagaz. Urtero sekretua izaten da antzerkiaren gaia, baina, aurten, ezkontza berezi bat izango dela aurreratu dute. Bestalde, zapatuko bertso barbakoa da aurtengo berritasun nagusia.
Bestalde, Bizkaiganeko ardi-txakur txapelketan ere jende asko batzea espero dute, urtero moduan. Izan ere, hitzordu berezia da bertakoentzat zein ingurukoentzat.