Aurkeztutako helegitea onartzea espero dute Urdaibaiko ordezkariek
Aurreko domekako Kontxako Banderaren zigorraren aurrean, helegitea aurkeztu zuen eguazten eguerdian Bermeoko klubak. Helegitea onartzea espero dute ordezkariek. Agustin Aranburu presidentea eta Joseba Fernandez entrenatzailea abokatuagaz joan ziren Don...
Helegitean estropadaren bideoak eta bi traineruen uberaren GPSak jaso dituzte.
Zehaztu dutenez, itsasoko epailea berandu hurbildu zitzaien traineruei, eta bandera urdina atera ordez, zuria erakutsi zioten. Orduan, Eneko Bilbao patroiak berehala erantzun zuela azaldu dute. Hala, amaieran bandera gorria erakutsi zuen, baina, «jakin barik Bermeorentzat edo Zierbenarentzat zen». Gogora ekarri dute bandera gorria gertakariaren momentuan erakutsi behar duela epaileak.
Laugarren kalean Zierbenarena gertaturikoa ez zela izan Bou Bizkaiaren abordatzea uste dute. Hau da, Zierbena izan zela Bermeo abordatu zuena. Aranbururen berbetan, Kontxako arduradunek argi izan behar dute zeinek hautsi duen araua. «Arraun talka izan da, baina nik ez dut inoiz ikusi aurretik doan traineru batek atzetik datorrena abordatzea».
Bermeotarren ustez, palak jotzeak ez zion trabarik egin Zierbenaren arraunketari, eta azken denboran ere ez zion eragin. Talkaren unean Hondarribiaren denboraren atzetik bospasei segundora zeuden, eta haren aurretik bukatu zuten bi taldeek.