Aurten Bermeoko Turismo Bulegotik iaz baino
2.718 pertsona gehiago igaro direla adierazi du Bermeoko Udalak, %8 gehiago.
Udalaren arabera, aurten ere, turismoari dagokionez, herriak
“oso datu onak” lortu ditu. Idurre Bideguren Bermeoko alkatearen berbetan, “erronka udako datuei eustea izan da eta negukoak hobetzea”, eta hori “zalantza barik” lortu egin dutela argitu du.Uztailean eta abuztuan datuak
egonkortu egin direla azaldu du, eta gainontzeko hilabeteetan goranzko joera eduki dutela. “Datu hori oso positiboa da, kontuan hartuta azken urteetan turismoan izan diren gorakadak”, gaineratu du Bidegurenek.
Bermeora iristen diren turistek herrian
denboraldi luzeagoak igarotzen hasi direla azaldu du alkateak, izan ere, “Bermeora lau-bost egun igarotzera etorri diren turista kopurua gehitu egin da”. Bermeoko Turismo Bulegoa bisitatzen duten turisten perfilei dagokienez, katalanak, madrildarrak eta frantsesak dira herria gehien bisitatzen dutenak, eta Gaztelugatxeren kasuan, nazioarteko bisitari gehiago hartu dituzte.
Udaleko ordezkariak “pozik” azaldu dira lortutako emaitzekin.
Bego Gangoiti Turismo bulegoko arduradunak adierazi duenez, azken urteetan aldaketa bat egon da turismo bulegora hurbiltzen diren turisten artean: inguruari buruzko informazioa jasota iristen dira, eta aldi berean,
aholkularitza pertsonalizatu bat bilatzen dute. Hori dela eta, bakoitzagaz igarotzen duten denbora gero eta luzeagoa da. Gaztelugatxe, oinezko ibilbideak, itsasoko ibilbideak eta Bermeoko baliabide turistikoei buruzko informazioa eskatzen dute nagusiki turismo bulegotik igarotzen direnek.
Bisita gidatuak, Gaztelugatxen. Udalak, San Juaneko Batzordearekin elkarlanean,
baseliza publikoari ireki eta informazio zerbitzua eta bisita gidatuak eskaini dituzte euskeraz eta erdaraz, uztail eta abuztu osoan. Ekimenaren harrera nabarmendu nahi izan du Bidegurenek, “oso ondo baloratu” baita bisitarien artean.
Bisitak egiteko
bi gida bermeotar kontratatu dira, eta Gaztelugatxe eta Bermeoko hainbat ohitura eta istorio azaldu zizkieten hurbiltzen zirenei: ingurumenaren garrantzia gunean, Matxitxakoko berezitasunak, Matxitxakoko guda, bermeotarren usadio, sinesmen eta ohiturak, ermitaren eta San Juaneko batzordearen istorioa…
Bisita gidatuek “Gaztelugatxeko San Juan, bere historia eta istorioak, berarekin lotuta dauden tradizio, jaiak eta ohiturak, bere ingurumen balio izugarria eta itsasoarekin, arrantzaleekin eta Bermeorekin duen lotura ezagutzeko aukera paregabea eskaini dizkie inguruko zein kanpotik etorri diren bisitariei”, azaldu du alkateak.
Bestalde, Gangoitik gogoratu duenez, Gaztelugatxe inguruan trafikoa arazoak saihesteko, Bermeoko turismo bulegotik beti gomendatu dute “
autobusez joatea eta, kotxez joan ezkero, goizeko lehenengo orduan edo iluntzeko azkenengoan”. Turismo bulegoko arduradunaren esanetan, “turismo jasangarria bultzatzea ezinbestekoa da ingurua ondo zaindu ahal izateko”.
Bidegurenek eta Gangoitik Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritako erreserba sistema “ontzat” hartu dute, baina
“ez dela nahikoa” uste dute. Masifikazioak saihesteko Bermeon aparkaleku disuasorio eta garraio publikoaren “apustu garbia” egin behar dela gaineratu dute.
Hobetzen jarraitzeko asmoagaz. Lortutako emaitzekin oso pozik azaldu badira ere, etorkizunera begira lanean jarraitzeko eta hobetzeko asmoa adierazi dute udaletik. Bermeoren erronka “turismoa urtean zehar izatea da, ez soilik udan”, nabarmendu du Bidegurenek.
Horrez gain, erakunde, enpresa eta herritarren arteko elkarlana lortzea “garrantzitsua” dela azpimarratu du, eta “turismo eskaintza zabaltzea eta hobetzea, negozio berriak sortuz, zerbitzuak hobetuz, aparkalekuen eskaintza handituz, auto-karabanen zerbitzua handituz, itsas ondarea balioan jarriz edota seinaleztapena hobetuz”, bukatu du.