Artadiak berreskuratzea proposatuko du Eguzki talde ekologistak
Ondarroatik Lekeitiora doan bidea euskal kostaldeko artadi handiena izan daitekeela uste dute. Ondarroako, Lekeitioko, Berriatuko eta Mendexako udalei egingo die proposamenaEguzki talde ekologistaren iritziz, Ondarroatik Lekeitiora doan bidea euskal ko...
Ondarroatik Lekeitiora doan bidea euskal kostaldeko artadi handiena izan daitekeela uste dute. Ondarroako, Lekeitioko, Berriatuko eta Mendexako udalei egingo die proposamena
Eguzki talde ekologistaren iritziz, Ondarroatik Lekeitiora doan bidea euskal kostaldeko artadi handiena bihur daiteke, «biodibertsitatearentzako eremu garrantzitsua sortuz». Hori dela eta, kostaldeko artadiak berreskuratzeko proposamena egin nahi die Lekeitio, Ondarroa, Berriatua eta Mendexako udalei. «Artadia aspalditik dago errotuta gure kostaldean. Gure herrietako toponimiak hori erakusten du: Artabide kalea Ondarroan, Artibai ibaia, Artadi auzoa Lekeition…».Azken hamarkadetan artadiak gutxitzen eta desagertzen joan direla ohartarazi dute, haien ordez beste zuhaitz mota batzuk landatu direlako egurra ustiatzeko. «Horrek kostaldeko paisaian eragina dauka. Egurraren ustiaketa dela eta, lurrak biluzik egoten dira sarritan, itxura penagarria emanez. Gainera, lurrak biluzik egonda, higadura handitu egiten da».
Horregatik, kostaldean artadia berreskuratzea proposatuko dute, onura handiak ekar ditzakeelako.
Pausoka
Artadiez osatutako basoa berreskuratzeko, pausoka joatea proposatuko die Lekeitioko, Ondarroako, Berriatuko eta Mendexako udalei. Lehenik eta behin, udal horiek kostaldean dituzten lurren inbentario bat egitea nahiko lukete, lur horietan zeintzuk espezie dauden landatuta ikusita.
Lur horietan espezie aloktonoak egonez gero, monolaborantzan, artak landatzea proposatzen dute, beti ere han egon ahal den bioaniztasun botanikoa errespetatuz. Pinua eta eukaliptoa landatuta dituzten kostaldeko lur sailetan, berriz, jabeekin hartu-emanetan jarri eta hitzarmenak egiten ahalgintzea gomendatuko dute, ahal den heinean lur horietan arteak landatzen joateko. Azkenik, lur pribatu batzuk erosteko aukera aztertzea ere proposatuko dute.