Polemika bueltatu da Kontxara
Zierbenagaz izandako talkagatik, azken sailkatuaren denbora gehi 15 segundogaz zigortu dute Urdaibai. Zigorragaz ados ez daudelako helegitea aurkeztuko duteDomekan lehiatu zuten Kontxako Banderaren lehen jardunaldia, eta emozioagaz eta lehia estuagaz b...
Zierbenagaz izandako talkagatik, azken sailkatuaren denbora gehi 15 segundogaz zigortu dute Urdaibai. Zigorragaz ados ez daudelako helegitea aurkeztuko dute
Domekan lehiatu zuten Kontxako Banderaren lehen jardunaldia, eta emozioagaz eta lehia estuagaz batera, epaileen erabakia izan zen eguerdiko protagonista.Gizonezkoen bigarren txandan lehia bizia egon zen Zierbenaren eta Urdaibairen artean. Lehen txandan Hondarribiak ezarritako denbora (19:27.06) hobetzea zen erronka, eta alde estua egon zen bien artean. Esaterako, Urdaibaik ziabogan segundo bakarreko eta 16 ehuneneko errenta zeukan Zierbenarekiko. Hala, 15. minutuko 40 segundoan gertatu zenak ondorio latza izan du talde bermeotarrarentzat. Zierbenaren kaletik, laugarren kaletik zihoan Urdaibai orduan: bi traineruak parean jarri, eta palak gurutzatu zitzaizkien.
Izan ere, ziabogaren ostean, haizearen eta korrontearen indarraz baliatzeko estriborrera jo zuten bigarren txandako lau traineruek. 11. minutuan Zierbena bosgarren kalean zegoen, eta Urdaibai laugarrenean, eta horrela mantendu ziren luze erdia zehazten duten balizak pasatuta ere. 15:40ean gertatu zen pala jotzea. Jarraian, bi ontziak zabaldu eta 28 ehuneneko aldeagaz amaitu zuten estropada, Hondarribiaren denbora hobetuta (Zierbenarengandik 86 ehunenera dago Hondarribia).
Hain zuzen ere, 19:26.14 markatu zuen Zierbenak; 28 ehunenera sartu zen Urdaibai, 15 segundo eta 42 ehunenera Santurtzi eta 33 segundo eta 5 ehu- nenera Donostiarra.
Estropada amaituta, erabaki zehatzena hartu asmoz, ETBko unitate mugikorrera joan eta irudiak aztertzen aritu ziren epaileak. Azken sailkatuaren denbora gehi hamabost segundoko zigorra ezarri zioten Urdaibairi.
Erabakiagaz ados ez daudenez, helegitea aurkeztuko dutela iragarri zuten talde bermeotarraren ordezkariek. Zigorra ez dela bidezkoa uste dute, eta arraunlarien lana zein haien eta herriaren ilusioak behartuta, helegitea aurkeztu eta hurrengo domekan banderaren lehian egoteko borrokatu behar dutela argi daukate.
Bihar 13:45ean amaituko da helegiteak aurkezteko epea, eta hori egiteko ahalik eta informazio gehiena bildu gura du talde bermeotarrak.
Nesketan, San Juan nagusi
Bestalde, emakumezkoen lehian Euskotren Ligaren irabazlea izan zen garailea domekako estropadan ere, eta bere bosgarren Kontxako Bandera irabazteko pauso garrantzitsua eman zuen.
10 minutu eta 41 segundotan burutu zuen San Juanek lana. Sei segundora heldu zen Riveira talde galiziarra. 7 segundora sailkatu zen Orio, eta 13 segundora Arraun Lagunak. Laurek osatuko dute datorren domekan ohorezko txanda.
Hibaika sailkatu zen bosgarren, San Juanengandik 19 segundora, Kaiarriba (Donostiarra Arraun Elkartea) izan zen seigarrena eta Kaiku zazpigarrena, 25 segundora. 34 segundora amaituta, Tolosaldeko Arraun Kluba geratu zen azken postuan.