Kalerik kale antzerki jaialdiak berriz ere Mundakako kaleak girotu zituen joan den zapatuan. Suhar Prest Zirko Taldeak, Mundakako Udalaren laguntzagaz batera, antzerkiak, musika. kultura eta artea biltzen dituen egun berezia prestatu zuen. Antzerki jaialdia ospatzen duten
bigarren aldia izan da aurtongoa, eta joan den urtean izandako arrakasta ikusita, gogo handiz etorri dira berriz ere uda garaiari agur esan baino lehenago herriko kaleak bizitzaz betetzera.
“Pozik” azaldu da Izaskun Agirresarobe jaialdiaren antolatzailea lortutako emaitzagaz. Ekimenaren balorazioa egiterakoan joan den urtean erakarritako jende guztiak harritu egin bazituen ere, aurtengoan are pertsona gehiago hurbildu direla nabarmendu du, eta Mundakako kaleak
jendez betetzea lortu dutela azaldu du.
Bigarren jaialdi honetarako,
era eta mota guztietako ikuskizunak eskaini dituzte: dantza emanaldiak, zirku ikuskizunak edota umorez betetako antzerkiak ikusteko aukera izan zuten zapatuan Mundakara hurbildu zirenek. Horrela, eskaintza zabala aukeran jarrita “adin guztietako jendearengana iristea” bilatu dutela adierazi du Agirresarobek.
Sei ikuskizun. Sei izan ziren ikuskizunak eskaini zituzten artista taldeak, eta
eguerditik hasita iluntzera arte aritu ziren txandaka, herriko gune ezberdinetatik.
Aimar & CIA, Piensa en Wilbur, La Banda del Otro, Compañia Trotamundos edota
Hortzmuga Teatro-ko kideak izan ziren Mundakara beraien obrak eta ikuskizunak antzeztera hurreratu zirenak.
Eguerditik iluntzera arte antzerki eta ikuskizunez bete zen Mundaka. Argazkia: Izaskun Agirresarobe.
Aurten, gainera, kaleetatik soilik aritu beharrean, Geure Etxea eta Bihotz Sakratu egoitzetan ere ikuskizun berezia eskaini dute. Ana Capilla dantzaria izan da herriko jende nagusiarengana hurbildu den artista, eta bere Transito’s in walk+live music ikuskizuna eskaini zien. Horrela, kalera irten ezin den horiei ere kale artea hurbiltzea lortu dute, eta ekimena
adin guztientzako ikusleentzat zuzenduta dagoela argi utzi nahi izan dute.
Agirresarobek azaldu duenez, ikuskizunekin kaleak alaitzeaz gain,
“jendearen partaidetza” bilatu dute jaialdian. Horretarako, ikuskizun ezberdinek ikuslegoari parte hartzeko aukera eskaintzen izan diete. Antzerkiez gain, antolatzaileak ‘Zure zuhaitza apaindu’ ekimena nabarmendu nahi izan du. Ekimenagaz, talako zuhaitz bat apaindu dute, nork bere etxean egindako diseinu eta muntaiekin.
Esan bezala, Kalerik kalek izandako harreragaz harro geratu dira antolatzaileak, eta datorren urtean berriro ere Mundakara antzerkiak eta kultura ekartzeko ahalegina egingo dutela ziurtatu dute. Ez hori bakarrik, urtean zehar ere bestelako
ekimen txikiago batzuk egitea pentsatuta daukatela adierazi dute, ekintza horiekin “jaialdia bultzatzen laguntzeko”.
Agirresarobek jaialdia prestatzen lagundu duten bolondres guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie, “prest egoteagatik, hainbeste inplikatzeagatik eta hain ondo egiteagatik”.