Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942) euskal idazle, kazetari, euskaltzain eta soziologoa da.
Asedio al euskera, mas alla del libro negro bere azken liburuan euskarak historian izan dituen mespretxuen adibideak zerrendatu ditu. Liburua 1998an idatzitako
El libro negro del euskera-ren jarraipena da.
Asedio al euskera, mas alla del libro negro liburuan euskararen kontrako kasuak bildu dituzu.
2.700 aipu azaltzen dira liburuan. Horietako batzuk legeak dira, eta besteak intelektual, soziologo, kazetari edota filosofoen iritziak. XVIII. mendea nazioak estatu bilakatzen hasi ziren garaia da, eta une horretan hizkuntza bakarra hartzen dute estatukoa bezala. Hori egiterakoan, hizkuntza hori hegemonikoa bilakatzen da, gune horretan existitzen diren beste batzuk bigarren edota hirugarren mailakoak bihurtuz.
Beraz, supremazismo bat dago hizkuntzen artean.
Nebrijak adierazi zuen bezalaxe, «hizkuntza inperioaren bidelaguna da». Beraz, horrelako ideiatatik dator gaztelaniaren supremazismoa: hizkuntza bat momentu jakin batetik agintearen bideratzaile bilakatzen da. Horrek goi-mailako hizkuntza dela suposatzen du. Hortik hasten da hizkuntzaren supremazismoa; hau da, hizkuntza batzuk primerakoak diren bitartean, beste batzuk hirugarren mailakoak direla esaterakoan. Primerakoa, noski, estatuak aukeratzen duen hizkuntza baino ez da.
Esaterako, frantzesa hizkuntza ofiziala izatea erabaki zuen Frantziak 1794an, eta orduan, herrialdeko biztanleriaren %10ak soilik hitz egiten zuen. Gainera, frantzesa ez zen estatuaren lurralde guztian hitz egiten, zeuzkan 85 departamentutatik 13tan bakarrik hitz egiten zen. Ikusten dugunez, hizkuntza hautatzea aukera bat baino ez da, eta aukeraketa hori egiterakoan besteen gainetik garrantzia handiagoa ematen zaio. Hizkuntzaren supremazismoa pertsonen artean existitzen denaren antzekoa da: pertsona guztiak berdinak ez diren pentsaera horrekin gertatzen den bezala, hizkuntzekin berbera pasatzen dela ikusten dugu.
Hizkuntzen arteko berdintasun edo elkarbizitza batera iristea posiblea al da?
Supremazismoa defenditzen den bitartean, ez. Beste muturrean daukan ideologia izango litzateke berdintasuna, eta harantz jo beharko litzateke: izatez, hizkuntza guztiak berdinak dira.
“Supremazistentzat inperio batek ezin ditu bi hizkuntza izan, bakarra baino”
Jazarpen horrek aldaketarik izan al du urteak pasa ahala?
Bai, eboluzio handia egon da. Frantzian, euren hizkuntza inposatzeko egindako bidea eskolaren bidez izan zen. Frantzesez ikasi behar zuten. Hori adoktrinamendu totala da. Hizkuntzaren supremazismoaren jatorrian inposizio argi eta garbi bat dago. Hau ez da elukubrazio bat, historia begiratzea baino ez da. Euskarak bizi izan duen jazarpenean inposizioari zigor fisiko eta psikologikoak gehitu behar zaizkio. Zenbat mespretxu, zenbat zigor jaso dituen euskarak, eta euskara hitz egiten duenak. Unamuno edota beste intelektual askok egindako mespretxuak, ez tabernan edo kalean jasandakoak soilik.
Horiek esaten zuten hizkuntzak kategorien arabera sailkaturik zeudela. Liburua irakurtzen duten asko lehen aldiz ohartuko dira Unamunok hizkuntzari buruz zeuzkan ideia horiek lehenagotik ere izan direla historian. Askok uste zuten hizkuntza batzuk zibilizaziorako egokiak ez direla, eta horiek poesia edo abestiak egiteko baino ez dutela balio. Historikoki horrelako pasadizo edo gertaera asko izan dira, Unamunoren ideiak zabaldu baino lehenago.
Adoktrinamendu hori eskoletan bakarrik gertatzen da?
Adoktrinazioa eskolan hasten da, beti, baina beste maila batzuetan ere ematen da. Esate baterako, frankismoan debekatuta zegoen, obsesio bat zegoen euskara kaletik, katredatik eta pulpitutik ateratzeko. Beraz, euskara ezin zen gizartean bizi, bizitza publikotik ezabatu egin nahi izan zuten.
“Aipuak legeekin eta soziologo, kazetari edota filosofoen iritziekin bildu ditut”
Zergatik hori?
Katedra baldin bazeukan, edo pulpitutik hitz egiten zenean, horrek balio kultural bat zeukala suposatzen zen. Esan dugun moduan, supremazistentzat inperio batek ezin ditu bi hizkuntza izan, hizkuntza bakarra egon behar da. Horregatik beste hizkuntzak primitiboak bezala ulertzea nahi zuten.
Liburua gaztelaniaz argitaratzea erabaki duzu. Zergatik?
Alde batetik, jatorrizko testuek beraien indarra galtzen dute hori itzuliz gero. Bestetik, euskaraz argitaratuta populazio jakin baterako bakarrik zabaltzea lortuko nuke. Nire asmoa testu horiek ezagutzera ematea da, garrantzitsua da erdaraz hitz egiten dutenek testuen berri izatea. Adibidez, gure eskoletan Espainia gorrotatzeko ikasgaia existitzen dela moduko gehiegikeriak euskaraz idatziz gero, garrantzia txikiagoa ematen diezu. Gaztelaniaz idatzita, beraien hizkuntzan adierazpen horiek zein zentzugabeak diren nabaritzea nahi dut. Liburua idaztearen helburuetako bat jendeak euskararen aurka esandakoak tabernako gehiegikerietatik haratago doazela ikustea da.
Pertsona jakin batzuek dituzten medioetatik, bai irrati, blog edota beste komunikabideetatik esaten dituztenak erakustea. Horrelako anekdota batek, berez, ez dauka garrantziarik, baina ehunka eta ehunka daudela ikusten duzunean, hori normala ez dela konturatzen zara, azpian bestelako zerbait dagoela sumatzen duzu. Beraz, beti entzun den hizkuntzaren supremazismo horretatik haratago beste teoria batzuk daudela ikustea, errealitatea erakustea izan da nire asmoa.
Mespretxu eta jazarpen hauek euskal hiztunei beldurra ematen diete?
Autogorrotoa deitzen den kontzeptua existitzen da. Erabiltzen dugun tresna batek baliorik ez duela behin eta berriz errepikatzen badigute, azkenean jendeak sinetsi egiten du. Euskara zertarako erabiliko duten pentsatzera eramaten dituzte, ingurune toxiko batean sartzen dira, mundu beltz eta ilun batean. Hau ez da bat-batean gertatzen den zerbait, ez da botoi bat sakatu eta ondorioa azaltzen: zirimiriak bezala busti egiten zaitu, eta ez zara konturatzen, horrenbeste entzuten duzun hori normaltzat hartzen duzu, eta hori da beraiek bilatzen dutena.
Autokontzientzia handiagoa behar dugu, adi egon. Ezin dugu pentsatu dagoeneko dena eginda dagoela eta defentsak jaitsi. Bestela, konturatu aurretik hizkuntzarik gabe geratuko gara.