Mundaka Festival 2015. urtean izen bereko herrian hasitako musika jaialdia da. Ospakizunak musikagaz batera hainbat arlo biltzen dituen ekimen eta jardueraz betetako asteburua proposatzen du. Jaialdian jotzen dutenen kontzertuez gain,
naturak eta gastronomiak protagonismo handia daukate.
Gaur emango diote hasiera festibalari, eta aurtongoa jaialdia egingo duten
laugarren urtea izango da. Proposamen ugari dakartza herriko jendearentzat:
bizitasuna, turismoa, giroa eta asteburu desberdin bat igarotzeko aukera. Hala ere, Mundakako herritarrek hasiera batetik hainbat kezka eta susmo izan dituzte Mundaka Festivalek herriarentzat suposatzen duenagatik eta jaialdia martxan jarri ahal izateko egindako jarduerengatik.
Urteak igaro ahala,
kezkak areagotuz joan dira, eta jaialdiaren arduradunek daukaten “gardentasun ezaren” ondorioz, herri plataforma bat sortzea erabaki dute udalerriko bizilagunek, erantzunak lortzeko itxaropenagaz. Herri plataforma horri Zain Dezagun Urdaibai eta Urdaibaietz! elkarteak batu zaizkio asmo beragaz.
2015. urtean Mundaka Festivalaren iragarpena “isilpean” eman zela diote plataformaren arduradunek: “Herrian inolako kartelik ez zuten jarri”. Mundakan horren eragin handia daukan jaialdia izan arren, herritarrak “ezustekoz” harrapatu zituztela diote. “Aldez aurretik lan handia egin beharra dago halako jaialdia aurrera eramateko”. Baina MFren arduradunek herriaren “parte hartzeari begira” ezer egin ez dutela adierazi dute herri plataformakoek, eta bertako elkarte eta taldeak
“egitasmotik kanpo” egon direla beti.
Jaialdia egingo zela ohartu zirenean, herritarrei galdera ugari sortu zitzaizkien: “Zer da? Norentzat? Nondik dator?”. Horri erantzuteko Mundakako Udalak antolatuta,
batzar informatibo bat egin zuten, jaialdia hasi baino hilabete lehenago. Aurretik, udalak deituta, ostalarientzako bilera egon zen bakarrik. Horietan, “zalantza asko argitu, baina
are gehiago piztu” zirela diote plataformakoek.
Emankor Sarea. Ekimenaren antolatzaile eta arduraduna Emankor Sarea da. Elkarte pribatu horrek batez ere kultura, aisia eta gizarte integrazioaren arloekin zerikusia duten proiektuak kudeatzen ditu. Herri plataformako kideen arabera, “ekimen horiek kudeatzeko
diru publikoaz baliatzen dira“, eta Mundaka Festivalen kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza daukate.
“Aldundiaren aldetik
310.000 euro inguru jaso dituzte azken hiru urteetan”. Aldundiaren azalpenen arabera, “bisitariak erakartzeko” asmoagaz eman dituzte diru laguntza horiek, “Bizkaiko irudi ona zabaltzeko”.
Emankor Sareak jasotzen dituen diru laguntza horietarako baldintza zehatz batzuk daude, eta herri plataformakoen ustez, laguntza horien kudeaketa
ez da batere gardena: “Jasotzen dituzten soldatak beraiek erabakitzen dituzte, eta diru laguntzetatik aukeratutako zenbateko bat soldata propio bezala hartzen dute, arduratzekoa den zerbait” .
Mundaka Festival Urdaibai biosferako toki pribilegiatu batean ospatzen dela azpimarratzen dute Emankor Sarekoek, Santa Katalina baseliza dagoen eremu naturalean, festibal “ekologiko” bezala.
Herrikoek, beste aldetik,
gune hori “librea eta guztiena” dela aldarrikatzen dute, eta ez dute ulertzen halako jaialdi bat eskaintzeko itxi beharra, biosferako leku publiko bat bisitatzea debekatuz edozein herritarri, Mundakakoa ala atzerrikoa izan. “Santa Katalina ez da udalarena, eta berak ez dauka eskumenik hori ixtea erabakitzeko”.
“Legez kanpokoa”. Gainera, eremu horretan halako ezaugarrietako jaialdi bat egitea “legez kanpokoa” dela adierazi dute.
Kosta Legearen araudiaren arabera, hesi baten barruan egin beharko litzateke horrelako egitasmo bat, baimenak dituen hesi pribatu baten barnean eta sei metroko pasabide bat utzita kostaldearen eta hesiaren artean. “Jaialdiak Santa Katalinarako sarbide publiko guztiak itxi egiten ditu, eta hori onartezina da”.
Kosta Legeagaz batera, jaialdiak beste araudi batzuk ez dituela betetzen diote plataformakoek: Baselizaren kokalekua “zaintza bereziko kontserbazio gune” bezala izendatuta dago, Euskadiko Paisaia Berezien eta Apartekoen barruan sartzen da, baselizaren babesa bermatzen duen txosten arkeologi baten beharra dago eta kutsadura akustikoaren legea hausten du.
Bestalde, Urdaibaiko kudeaketa legeak batzen dituen araudia ere badago. Haren arabera, instalazio berezien beharra duen zerbait egitekotan (txosnak edo agertokiak, esate baterako)
egitasmoa erakunde publiko batek antolatutakoa izan beharko litzateke. 2015. urtean Emankor Sarea izan zen jaialdiaren arduradun bakarra, eta herri plataformakoen ustez, “
azken unean, era kaskar batean” udalak baimena sinatu zuen jaialdiari zilegitasuna emateko eta arazo hori ekiditeko MF bera hasi zen egun berean.
Hurrengo urteko jaialdirako, Mundakako Udalak eta Emankor Sareak
hitzarmena sinatu zuten, ekimen publiko-pribatu bat sortuz horrela, jarduera “legalki jantzi nahirik”, plataformako kideen arabera.
Santa Katalinako eremu publikoa ixteaz gain, udalerriko Isla Kale
Kiroldegia erabiltzaileentzat itxita geratzen da jaialdiak irauten duen egunetan, bertan jaialdialdian lan egiten duten pertsonek lo egiten dute eta. Kiroldegia bezalako eraikin publiko bat ekimen pribatu bat ospatzeko ixtea ulertezina dela diote herritarrek, “inolako kosturik gabe”, gainera.
Udalak eta antolatzaileek sinatutako hitzarmenaren barnean, Mundakako Udalak jaialdian erabilitako uraren eta argindarraren hornikuntza eta hondakinen bilketa
doakoa izatea jasotzen da. “Beste edozein motako jarduera pribatuek guzti hori ordaindu beharra” daukatela diote protestan ari direnek, eta ez dute ulertzen musika jaialdiagaz berbera ez gertatzea.
Eskaera baten ostean, hilabete honetan argitaratu dituzte jaialdiaren diru-sarrera eta irabaziak zeintzuk izan diren: esate baterako, saldutako sarrerengatik
87.500 euroko irabaziak izan zituzten iaz,
475.000 euro inguruko aurrekontua edukita. Datu horien arabera, “2.000 sarrera inguru” saldu zirela kalkulatu dute plataformakoek, eta horien arabera, beste 4.000 sarrera inguru
gonbidapenak izan ziren. Gainera, iazko jaialdiaren azken eguna doakoa izan zen.
Halako laguntzak jasota, plataformakoek “harritzekoa” deritze “hain sarrera gutxi saltzea”. Jaialdia “diru publikoa xahutzeko maniobra bat” besterik ez dela diote. Modu berean, uste dute “interes pribatuei” lehentasuna ematen zaiela, Mundakari eta bertako herritarrei barik.