EAJren kudeaketa irregulartasunez beteta dagoela salatu du EH Bilduk
Herritarra erdigunean kokatuko duen politika diseinatu eta garatu ordez, udal gobernuak eurentzako onurak lortzeko ildoak garatzen dituela kritikatu du oposizioaren buruakLekeitioko udal gobernuaren kudeaketa irregulartasunez betea dagoela salatu zuen ...
Herritarra erdigunean kokatuko duen politika diseinatu eta garatu ordez, udal gobernuak eurentzako onurak lortzeko ildoak garatzen dituela kritikatu du oposizioaren buruak
Lekeitioko udal gobernuaren kudeaketa irregulartasunez betea dagoela salatu zuen atzo Lekeitioko EH Bilduk agerraldian. Legealdi hasieratik kudeaketa txarra behin eta berriro antzematen ari direla esan zuen Andoni Seijo Lekeitioko EH Bilduren bozeramaileak, eta legealdiaren amaiera geroz eta hurbilago egon ahala, hauteskunde emaitzak lortu nahian are nabarmenagoa bilakatzen ari dela azpimarratu zuen. «Herritarren baliabideak gestionatzerako orduan, Koldo Goitiaren gobernuak erabili dituen forma desegokiak salatu nahi ditugu».Herritarra erdigunean kokatuko duen politika diseinatu eta garatu ordez, udal gobernuak beraientzako onurak lortzeko ildoak garatzen dituela kritikatu zuen oposizioaren buruak. «Edozerk balio die politika populista eta merkantilistak egiteko. Tartean, irregularrak edo guztiz legalak ez diren erabakiak hartzea ere, adibidez. Pertsonon segurtasuna eta ongizatea ere arriskuan jarri izan dute sasi-eraginkortasuna erakutsi nahian».
Informazio barik
Azaldu zuenez, EAJren gobernuak aspaldi erabaki zuen gai garrantzitsuen inguruan oposizioagaz ezelako harremanik ez edukitzea. «Erabakiak ez dira eztabaidatu edo adosten, eta, horrela, herritarren ia erdiaren ordezkaritza baztertu egiten da. Hori gutxi balitz, gainera, politikak zuzen egiteko jarraipena egin ahal izatea eragozten dute, horrek dakarren arrisku guztiarekin, ez baitakigu zer, nola eta zergatik erabakitzen den, eta, are gehiago, legearen barruan ibiltzea ziurtatzea ere ezin baita kontrolatu».
Azken hilabeteetan Lekeition egin diren zenbait hiri lan jarri zituzten horren guztiaren adibide modura. Udaletxeko aurrealdearen pintaketa egiteko herriko enpresa bat kontratatu dutela azaldu zuten, eta EH Bilduren ustez, enpresa horrek erabili duen aldamiajea guztiz desegokia izan da eta debekatuta dago bere erabilera.
Santa Katalina pasealekuko jolaslekuko zuhaitzen mozketa ere ezelako segurtasun neurririk barik egin zela salatu zuten. «Harridura handiz eta ustekabe galantaz ikusi genuen aipatuta zeregina nork eta zelan egin zuen. Kale garbiketa zerbitzuko kide batek lan ordutegitik kanpo, bariku iluntzean eta arduradun politikoa aurrean zela. Motozerra eskutan hartu eta zuzenean ekinez, ez esku larrurik, ez aurpegi babesgarririk, ez jantzi egokirik, ez antzeko ezer».
Eta azkenik, San Andres auzoan dagoen berdeguneko zuhaitzak botatzeko ere ez zutela ezelako segurtasun neurririk hartu eta aparkatuta zeuden ibilgailuen jabeei ez zietela ezer jakinarazi kritikatu dute. «Berdegunearen ingurua autoz beteta egon arren, hondeamakinaren besoa autoen gainetik pasa eta hala lurreratu zituzten zuhaitzak».
Esan zutenez, egoera horien aurrean, hirigintzako teknikariaren bidez ahalegindu ziren arduradun politikoagaz ahalik-eta arinen berba egiten, hirigintza batzordean ere eskatu zituzten azalpenak, eta formalki eta ofizialki idatziz ere eskatu dituzte. «Eskatu ditugu azalpenak, eta erantzun oso desegokia jaso dugu gure iritziz».
Itxurak
EH Bilduk esan zuenez, EAJk ekinaren ekinez sinistuarazi nahi dio herritargoari kudeatzaile onak direla, emaitza eta irudi zehatz batzuk bilatuz. «Koldo Goitia partikularki ahalegin handia egiten ari da bere irudi pertsonala ere kudeatzaile garbi batena izateko. Ekintzek, demostratzen dute, itxurakeria besterik ez dela eta pentsatu ere ez dugu nahi egin, antzeman ditugunetatik aparte, zenbat jardun egongo diren desegokiak, irregularrak, edo, zergatik ez, ilegalak».
Egoera honi amaiera eman behar zaiola uste dute. «Ezin ditugu halako agintari traketsak eduki gure herria gobernatzen. Talde honen egiteko era hori ez da profesionala». Eta argi daukatela esan dute Lekeitiok alternatiba zentzuzkoa behar duela.