Bermeoko Udalak XX. mendeko udalerriko ondare arkitektonikoa aurkezten duen bideoa sortu du.
Bermeoren historian “arkitekto ospetsuak” izan direla azaldu dute Aingeru Astui Bermeoko Kultura zinegotziak eta Bego Gangoiti Turismo teknikariak. “Horiek utzitako ondarea benetan interesgarria” dela adierazi dute, bai arkitektura zaleentzat zein gainerako herritarrentzat.
Astuiren berbetan, “bitxia izan arren, sasoi berdinean goi mailako hiru arkitekto bermeotar” izan ziren: Pedro Ispizua, Fernando Arzadun eta Teodoro Anasagasti. Ispizua Batzokiaren, Garategi txaletaren, Sagrado Corazon kaperaren eta Ormaza fabrikaren arkitekota izan zen; Arzadunek Kikunbera etxea eta Kofradi Zaharra egin zituen eta Teodoro Anasagastik, Portuko Goizeko Izarra eraikina, Erremedio kaleko 24-26 etxebizitzak eta Lanbide Hastapeneko eraikina.
Hiru bermeotarrez gain, XX. mende hasierako beste hainbat arkitektoen lanak aintzat har daitezke udalerrian: besteak beste, Severino Achucarrok egindako ospitale psikiatrikoa, Anastasio Arguinzonizen udal hilerria, edota Teodoro de Videcheak eraikitako Villa Eustasia dira Bermeoko aberastasun arkitektonikoaren adibideak.
Esperientzia berriak. Hortaz, kanpotik datozen bisitariei eraikin berezi horiek ezagutzera emateko bide bat bilatu dute udaletik. Baita bermeotarrentzat ere, askotan eraikin horiek ez dira nabarmenak izaten eta: “egunero ikusten dugunari batzuetan ez diogu behar besteko jaramona ematen”, dio Astuik.
Ondare arkitektonikoa nabarmentzeko, udalak bideo bat sortu eta zabaldu du. Bertan ikusi daitekeenez, arkitektura ikasten ari den atzerritan batek Bermeon duen esperientzia azaltzen dute: “benetan harritu egiten da eta gozatu egiten du Bermeon aurkitzen duen ondare arkitektoniko garrantzitsuagaz”.
Bideoagaz, “kanpotik datorren pertsona batek herria zelan ikusten duen islatu” nahi izan dutela azaldu du Gangoitik. Eraikinei buruzko xehetasun gutxi agertzea nahi izan dute, bisitari zein herritarrei Bermeo esploratu eta herriko eraikin zein zoko bereziak ezagutzera animatzeko. Gangoitiren berbetan “bideoa oso erakargarria izango da bai bermeotarrentzat bai Bermeotik kanpoko pertsonentzat”.
Bermeoko Udalaren turismo webgunean argitaratu dute bideoa. Gangoitik adierazi duenez, turismo webgune berria martxan jarri nahi dute bideoagaz, eta ondare arkitektonikoari eskainitako ikus-entzunezko lanaz gain etorkizunean herriko beste arlo batzuk jorratuko dituzten antzeko bideoak egiteko asmoa daukate.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.