Eusko Jaurlaritzak Bermeoko ontzi-industria hirigunetik aldenduko du
Eusko Jaurlaritzak Bermeoko Portuko Plan Bereziaren 3. Aldaketa aurkeztu du.
Atzo batu ziren Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio Sailburuordea, Aitor Etxebarria Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaria, eta Edurne Egaña Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakundeko Zuzendaria, Idurre Bideguren eta Aitor Egurrola Bermeoko eta Mundakako alkateekin batera, planaren berri emateko.
Eusko Jaurlaritzak planean bildutako aldaketen artean, hirigunearen ingurumen kalitatea hobetzeko portuko ontzi-industria aldentzea dauka helburu nagusi bezala. Aiz Sailburuordearen berbetan, “euskal portuen eskala txikiaren ondorioz, hainbat erabilera hiriguneetatik oso gertu ematen dira” eta, askotan, “portua hiriko funtsezko atala da”. Hori dela eta, euskal kostaldeko portuek “plangintza tresna eta mekanismo eraginkorrak garatu behar dituzte, behar berriekin bat etorriko den hirigintza arloko erregulazioa izateko”, azaldu du Aizek.
Hori lortu ahal izateko, portuaren mendebaldeko gunean aurkitzen diren itsasontziak armatzeko eta fabrikatzeko jarduerak lekuz aldatu egingo dituzte, eta udalerritik urrunago kokatuko dituzte. Itsas industriako jarduerak posible egiteko helburuagaz, ontzitegiko itsasontzien armatzea eta fabrikatzea, eta portuko jarduerarekin erlazionatutako biltegiak eta bulegoak Erroxape-Mundaka izeneko eremuan kokatuko dira, itsasoari irabazitako 8.807 m2ko azalerako gune berriagaz, eta bertan bi eraikin egingo dituzte.
Ainguratzeko guneek eta ontzitegiarentzako gurdiek gaur egungo toki berberan jarraituko dute, eta gune horretan “110 metroko oin plano kurboa, 16 metroko sakonera eta 5 eta 7 metro arteko gehiengo altuera” izango dituen eraikin berria sortuko dute. Bertan, “hiri ingurunean eragin negatiboa izango ez duten aktibitateak, itsasontzien konponketa txikiak eta bestelako erabilerak” egingo dituzte.
Oinezkoentzako pasabideak. Adierazi dutenez, Portuzarra kofradiako kaian dauden oinezkoentzako pasabide guztiak berdin mantenduko dira. Lamerako kaiaren aurreko pasabidea luzatu egingo dute, ontzitegiko kaiarantz joango den 10 metroko bide batekin. Gainera, arraina prozesatzeko hozkailu-instalazioaren erabilera posibleak dibertsifikatzeko asmoagaz, baimendutako erabilerak zabaltzeari ekingo diotela azaldu dute, adibidez marina lehorraren erabileragaz.