Abuztuaren 6tik 10era bitartean, bost kontzertuz gozatzeko aukera egongo da musikak erabateko protagonismoa hartuko duen aste honetan.
Musika eta kontzertuez gozatzeko egunak dakartza Nazioarteko Musika Asteak, eta aurtengoa ekimena egiten dute 33. biderra izango da. Urte honetan, “Jazzberrean gertatu den bezala”, euskal musikarien presentzia handia egongo dela nabarmendu dute Bermeoko Udaletik, eta prestatu duten egitaraua aurkeztu dute Aingeru Astui Bermeoko Kultura zinegotziak eta Susana Regidor Kultura teknikariak. Aste berezi horretan “hainbat estilotako kalitate handiko kontzertuak” entzuteko aukera egongo dela adierazi dute.
Astui eta Regidor, egitasmoaren aurkezpenean.
Kultura zinegotziak Nazioarteko Musika Astea urtero
“oso arrakastatsua” izaten dela adierazi du, musikaren zaleak zein mundu horretara hurbiltzea bilatzen dutenak batzen dituen egitasmoa. Astuik azaldu duenez, udalaren helburua “musika herriari hurbiltzea” da, horrela mundu guztiak “musikagaz gozatu ahal izateko”.
Esan bezala, abuztuaren 6an, astelehenean, emango diote hasiera ekimenari Olaitz Saitua sopranoak, Beñat Egiarte tenoreak eta Elena Cadierno pianojoleak osatutako hirukotearen kontzertu lirikoagaz. Horien ostean, egunero kontzertu desberdin bat entzuteko aukera edukiko dute Bermeora hurbiltzen direnek, barikura arte.
Kontzertu guztiak doakoak izango dira, eta
Santa Maria elizan ikusi ahalko dira,
20:00etan, barikukoa salbu.
The Old Timey String Band laukote getxotarrak eskainiko du musika astearen azken kontzertua, eta hori ikusteko aukera
Kafe Antzokian egongo da, 6 euroren truke.
Aniztasun handia. Astuik urte honetan “aniztasun handiko programa” eskaini nahi izan dutela adierazi du, eta hori “zaila” izan den arren mota askotako kontzertuak edukiko dituztela esan du, harro.
“Euskal Herriko musikaren panorama ederra” agerian uztea izan da antolatzaileen beste helburuetako bat, eta “kalitatezko musika eskaintza zabala eta interesgarria” egongo da Bermeon.
Zinegotziak gonbidapen zabala egin du, eta “musikaren zaleak” edota “zale izan nahi dutenak” musikaz gozatzeko hurbiltzera animatu ditu, “estilo desberdinetako doinuak ezagutzeko aukera berria” izango baitute aurten Nazioarteko Musika Asteak iraungo dituen bost egunetan.
Egitaraua:
- Abuztuak 6, astelehena
Kontzertu Lirikoa. Olaitz Saitua sopranoak, Beñat Egiarte tenoreak eta Elena Cadierno pianojoleak osatutako hirukoteak eskainiko duen kontzertu lirikoak “errepertorio zabala” izango du.
- Abuztuak 7, Martitzena
Soinuaren bidaia. Alberto Urretxo tronboi bakarlariak, Itxaso Sainz De la Maza piano jotzaileak, Adriana Grigoras biolin jotzaileak, Jone Martinezen ahotsagaz norbere barruan “zirrarak, pentsamenduak eta oroitzapenak” esnaraziko dituzte.
- Abuztuak 8, eguaztena
Euskal Herriko Kammerphilarmoniako bakarlarien kontzertua. 11 musikariz osatutako taldeak, Riccardo Sciammarellaren zuzendaritzapenean, “gorentasuna” ardatz bezala duen errepertorioa eskainiko dute.
- Abuztuak 9, eguena
Duo Antwer. Marinba eta klarinete baxua nahastuko dute bi interpretatzailek osaturiko bikote honek. Beraien lanek “profesionalen, konposatzaileen eta entzuleen arreta bereganatzea” lortu dute.
- Abuztuak 10, Barikua
The Old Timey String Band. Ipar Amerikako sustraiak dituen musika jotzen du Getxotik etorriko den laukote honek. Folk amerikarra dute ardatz bezala, baina rock, folk jazz, soul eta musika klasikoan ere oinarritzen dira beraien lanak sortzerako orduan.