Itsasoa hartzen du gai nagusitzat
Enrike Zubia margolari bermeotarrak bere obretan, baina hala ere, bere bidaietako eta beste alor batzuetako margolanak sortzen ere saiatzen da. Horrela, jendea “ez nekatzea” bilatzen du artistak, eta “beti itsasoa eta arrantzaleak gora eta behera” isladatu beharrean, “beste mundu bat” ere badagoela dio.
Zubia, Tribisarrospe Kultur Etxeko erakusketan.
Zubiak bere azken koadroen erakusketa jarri du ikusgai Mundakako
Juan Tribisarrospe Kultur Etxean, eta uztailaren 31ra arte egongo da irekita, asteko egun guztietan,
19:00etatik 21:00etara bitartean. Bertan, azken urteetan egindako 26 koadro bildu ditu.
Zubiak dioenez, bere lurraldeko “pertsonaia eta paisaiak” margotzen ditu, “bizipenak eta itsasoko jendea, kaietako mugimendua, portua… ur eta lur”. Adierazten duenez, bere lanak sortzeko inspirazio iturria bere
“sustraiak eta jatorria” dira. Itsasoan lanean ibilitakoa da margolaria, eta hori argi ikusten da bere lanetan: arrantza, portua, itsasoa edota ontziak izaten dira Zubiak bere lanetan isladatzen dituenak. “Beti itsasoaren aurrean bizitakoa naiz, arrantza giroan”. Bere bizitza inguratzen zuela dio margolariak, “barrura sartu eta hiztegi” bat bezala geratzen dela, “bizirik”.
Tamaina handiko zein txikiko koadroak ere batu ditu Zubiak erakusketan. Hala ere, koadroetara bakarrik ez dela mugatzen dio bermeotarrak, eskulturak ere egiten baititu. Dena den, Mundakan jarritako erakusketan koadroak bakarrik daude.
Olioan. Lan gehienak olioan margotzen ditu, baina akrilikoagaz ere irudikatzen dituela dio: “orain urte pare bat hasi nintzen akrilikoagaz, obra azkarrak egiteko errazagoa da horrela margotzea”.
Estilo errealista batean sortzen ditu bere lanak. Hori, jendeak horrela gustokoago duelako egiten duela dio margolariak, baina berak ere estilo hori nahiago duela azaldu du. Ikusgai dauden koadro gehienak salgai daude.
Bermeoko margolarien artean arituz hasi zen margotzen Zubia, eta giro horretan aritu ahal izatearren “zorte handia” izan zuela azaldu du: “zaletasuna sortzen zizuten, eta haiekin batera lekuetara mugitzen zinen, giro ona egoten zan margolaritza gustuko zuenantzako”, dio Zubiak.
Etorkizunera begira, urte bukaeran Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan beste erakusketa bat eskaintzeko asmoa daukala adierazi du margolariak. Bertan, berriz ere itsasoari eta arrantzari berebiziko garrantzia emango dizkio Zubiak, baina gaurkotasuna duten
beste hainbat gaietan murgiltzeko obrak ere jarriko dituela azaldu du.