Kortezubiko XIII. Mendi Martxa, bihar
Gure Arbasoen Herria Kultur Elkarteak Enderika auzoan egun osoko plana proposatu du beste urte batez. Izan ere, mendi martxa eta herri bazkaria egingo dituzte, eta EinGo taldearen musikak jarriko dio saltsa egunari. Antolatzaileek gogora ekarri dute martxan parte hartu ez arren, bazkaltzera joan daitekeela.
Mendigoizaleek zein baso eta landetan zehar paseatzea gustuko dutenek aukera aproposa dute Kortezubin. Udaletxe aurreko plazatik abiatuta, mendi martxa luzea eta laburra egingo dituzte; 25 kilometrokoa bata, eta 10 kilometrokoa bestea. Luzeenean, esaterako, Ereñozarrera igo, eta Omatik, San Lorentzoko ermitatik eta Elorrixatik pasatuko dira. Laburrean, berriz, Terlegiz auzotik, Artetatik, San Lorentzoko ermitatik eta Elorrixatik pasatuko dira.
Partze hartzen dutenek bidean hornidura postuak izango dituzte. Martxa luzean Oma eta San Lorentzo Baselizaren arten egongo da lehenengoa (12. kilometroan), eta Elorrixan bestea (20. kilometroan). Martxa laburrean, ostera, anoa postu bakarra egongo da, Elorrixan (5. kilometroan).
Ibilbide luzeena egitera doazenentzat 08:30ean jarri dute irteera ordua. Ibilaldi laburreko parte hartzaileak, ostera, 10:30ean irtengo dira.
Martxak amaitu eta bazkaldu aurretik, parte hartzaileak frontoian dutxatu ahalko dira.
Izen ematea. 12 urtera artekoentzat bazkaria doakoa da, eta martxan parte hartzeko 6 euro ordaindu behar dituzte. Gainontzekoek 15 euro ordaindu behar dituzte herri bazkarirako, eta martxarako 8 euro (bihar bertan izena emanez gero, 10 euro). Hala, martxa egin eta bazkaritan geratzen direnek 20 euro ordaindu behar dituzte.
Gernika-Lumoko Tandem dendan eta Lagun-Etxea tabernan eta Kortezubiko udaletxean eskuratu daitezke txartelak gaur, eta bihar plazan. Era berean, kontu korronte zenbaki honetan dirua sartuta ere izena eman ahal da: 3035-0022-41-0221154997.