Jabier Abaunza preso gernikarra Lannemezan espetxera hurreratu dute
Orain arte, Moulins-Yzeure espetxean zuten preso Jabi Abaunza gernikarra; Euskal Herritik 800 bat kilometrora. Etxeratek jakinarazi duenez, baina, etxetik 317 kilometrora hurbildu dute orain: Lannemezan kartzelara.
Frantziako Justizia Ministerioak urtarrilaren erdialdean iragarri zuen gerturatzeekin hasiko zela, eta, ordutik, hogei preso gerturatu dituzte; azkena Abaunza bera. Guztira, EPPK-ko 50 kide daude Frantziako Estatuaren kartzeletan, eta joan den otsailean hurbildu zituen lehen euskal presoak Euskal Herrira Frantziak. Joan den barikuan hurreratu zituen, esaterako, Ibon Goieaskoetxea busturiarra, Igor Suberbiola donostiarra eta Asier Bengoa gasteiztarra.
2002. urteko maiatzaren 1ean atxilotu zuten Jabi Abaunza, Miort-en (Frantzia), Manex Zubiaga eta Lexuri Gallastegigaz batera.2009an Espainiako Audientzia Nazionalak 35 urteko zigorra jarri zion, ustez, Espainiako Auzitegi Nagusiko epailea zen Rafael Martinez Emperador hiltzeagatik.
2017ko uztailean, gose greba egin zuen preso gernikarrak, Iurdan Martitegi durangarragaz eta Aitzol Iriondo donostiarragaz batera, Moulins-Yzeure kartzelan. Hiru preso politikoek Sara Majarenas eta Izar bere alabarekiko elkartasuna adierazi, eta haien kontrako erasoa eta bizi zuten egoera salatzeko hasi zuten gose greba. Hiru presoek Majarenasen “berehalako askatasuna” exijitu zuten.
Bi urte lehenago ere egin zuen gose eta egarri greba Abaunzak. Egun batzuk lehenago bisitara atera behar zutenean liskarra sortu zela azaldu zuten gernikarraren gertukoek. Eta katxeatu egin zuten orduan Abaunza eta beste zenbait preso. Protesta egin zuten; bisita egin aurretik normalean ez dizkietelako katxeo integralak egiten; bai, ordea, bisita ostean. Egun horretan, gauerdian, Abaunza isolamendura eraman zuten funtzionarioek, eta beste sei preso ere zigortu zituzten.
Orduko hartan ere, Moulins-Yzeure espetxean zegoen Abaunza, eta euskal presoen bizi baldintzek okerrera egin zutela salatu zuten bere senideek orduan. Espetxeko zuzendaritza aldatu zutenetik presoen bizi baldintzrek okerrera egin zutela salatu zuten presoek eta haien senideek. Neurri murriztatzaileagoak hartu zituztela zioten; hala, egoera salatu eta neurriei aurre egiteko egiteko hasi zuen gose eta egarri greba gernikarrak.