Izaro irlaren jabetza berrestera hurbilduko dira bermeotarrak domekan,
Madalen egunean. Urtero modura, aurten ere kolorez eta festa giroz beteko dira Izaro inguruko urak, bai eta
Bermeo, Elantxobe eta Mundaka ere. Hiru herri horiek izango dira egun berezi horren protagonista nagusiak.
Ontziak Izaro uhartearen inguruan, Madalen egunean.
Bermeotarrek gogotsu emango diete hasiera madalenei, bezpera egunean
Baztarre kaleko jaiak ospatuko baitituzte. Goizean goiz hasita,
egun osoan hainbat jarduera eta ekitaldi prestatuko dituzte, bezpera ospatzea ere “tradizioa” dela aldarrikatzen dute eta.
“Ume, gazte eta nagusientzako” era guztietako denborapasak egongo dira: kaleko jaiei hasiera emateko, txikienentzako
txokolate jana egongo da, tripa bapo beteta eguna ondo hasteko. Ondoren, horiei zuzendutako txotxongiloen ikuskizuna egingo dute, El Tenderete taldeak antolatuta eta ipuin kontalari baten istorioak entzunez gozatzeko aukera edukiko dute.
Horrez gain, Haitz Nagusije Auzo Elkarteak antolatutako
XII. Madalen bezperako bazkaria egingo dute auzotarrek, Bermeoko Kafe Antzokian. Bazkariaren ostean etengabeko jaia hasteko unea helduko da bermeotarrentzat, eta arratsaldean zein gauean,
musikak berebiziko protagonismoa hartuko du Baztarre auzoan.
Arratsaldean doinu tradizionalek hartuko dute Bermeo, Kankinkabara Txistu Taldearen
kalejiragaz. Ekitaldia amaitzean, Bermeotar fanfarreak 40. urteurrena ospatzeko
ikuskizun berezia eskainiko du Baztarren, eta bertan, balsak, boleroak edota pasodobleak dantzatu ahalko dituzte auzora doazenek.
Musika, Beleza Malandran. Musikagaz jarraituz, Beleza Malandran ere kontzertuak emango dituzte; horien artean,
The Cheeky Bastards talde britainiarrak. Errebelazio banda horren parte da Josebaitor Luzarraga bermeotarra. Indie, garage, rock estiloak lantzen dituen banda da, eta Erresuma Batuan arrakasta handia izaten ari da. Joe Luzaren ahotsak aho zabalik utzi ditu entzuleak. Bihar, Bermeo animatzera etorriko dira Luza eta gainontzeko taldekideak, eta horien lehen diskoko musika entzun ahalko du eguerdian Beleza Malandrara doanak.
Madalen eguna ere denborarik galdu gabe hasiko dute bermeotarrek. Kankinkabarakoen txistuen doinekin izartuko dira herritarrak, eta horiek Udalbatzarengana gidatuko dituzte Bermeoko bizilagunak,
Goiko Plazara. Eguerdia baino lehenago batuko dira udal ordezkariak, eta Alkate Soinua entzun ondoren, txistulariekin batera porturantz jaitsiko dira Etxebarria Tar Kresentzitik, San Migeleko eskilaretatik eta Lameratik igarota, Madalen zortzikoa jo ostean.
Eguerdian abiatuko da
itsas prozesioa Izarorantz, eta uhartean ikurrina eta Bermeoko bandera altxatu ostean, Idurre Bidegurenek teila itsasora botako du, uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak Bermeorenak direla gogorarazteko. Teila Juanjo Bereziartua bermeotarrak
margotutakoa izango da; Izaro irla irudikatu du egileak, “bermeotarrentzat duen garrantziagatik”.
Bermeoko alkatea teila botatzen.
Elantxobera abiatuko dira ondoren, eta bertan, herriko alkateak
herriko makila emango dio Bermeoko alkateari ordu batzuetarako. Ohikoa denez, plazan, ohorezko aurreskua dantzatu eta biribilketa egingo dute. Arratsaldean, herrira bueltan, Mundakan egingo dute geldialdia. Txistulariekin eta aurreskuagaz harrera egingo diote udalbatzari portuan. Bermeora bueltatuko dira ostean, herritarrekin batera festan jarraitzeko.
Mendatan ere, madalenak. Kostako herrietan ez ezik, Mendatan ere madalenak ospatuko dituzte. Bihar arratsaldean
mus txapelketa egingo dute, eta iluntzean, bakailao janagaz batera erromeriaz gozatuko dute. Madalen eguna mezagaz hasiko dute, eta jaiei bukaera emateko, berriz,
su festaz gozatuko dute, kanpaien hotsagaz batera.
Egitaraua:
Bermeo
- Bihar, uztailak 21
- 10:30. Baztarre kaleko jaien hasiera, umeentzako txokolate janagaz eta jokoekin.
- 11:30-13:30. El Tenderete taldearen txotxongilo ikuskizuna eta ipuin kontalaria.
- 13:00. The Cheeky Bastards-en kontzertua, Beleza Malandran.
- 13:30-16:30. Musika, DJagaz.
- 14:00. Marmitakoa jateko aukera, Baztarren.
- 18:30. Kalejira Kankinkabara Txistu Taldeagaz.
- 18:30. Gorka Naste Borraste-ren kontzertua, Beleza Malandran.
- 19:30. Bermeotarrak fanfarrearen dantzaldi berezia.
- 20:00. Kanta Kanta Lorue ekimenaren kalejira.
- 21:00. Jade bikote kubatarraren musika emanaldia.
- 21:30. Radio Guerrilaren kontzertua, Beleza Malandran.
- 22:00. Rock kontzertuak: Garrafoie, Mamushka, Rukula eta Urgatz, Baztarren.
- Etzi, uztailak 22
- 10:00. Goizean, kalejira, Kankinkabara Txistu Taldeagaz.
- 11:50. Udalbatza Goiko Plazan batuko da, eta Alkate soinua entzun ostean, porturantz abiatuko da.
- 12:00. Itsas jaiaren hasiera.
- 19:30. Udalbatza Bermeora iritsi, eta horri harrera egingo diote. Portuan, Sorgine Elkarteak musika eskainiko du.
Elantxobe
- Etzi, uztailak 22
- 13:00. Ohorezko aurreskua eta biribilketa.
Mundaka
- Etzi, uztailak 22
- 18:00. Bermeoko Udalbatzari harrera, portuan.
Mendata
- Bihar
- 17:00. Mus Txapelketa.
- 21:30. Makailao jana. Ostean, erromeria.
- Etzi, uztailak 22
- 12:30. Meza nagusia. Ostean, txikiteoa trikitilariek alaituta.
- 14:00. Herri bazkaria.
- 18:30. Briska txapelketa. Iluntzean. Su festa.