Aurten ere
Open Day-agaz hasiko da Dia Liga,
urriaren 13an. Talde guztiek leku berean lehiatuko dituzte partiduak. Iaz Madrilen egin zuten lehenengoz egun berezi hori, eta aurten Madrilen edo Valentzian egingo dute. Hain zuzen, pare bat aste barru zehaztuko dute leku zehatza.
Espainiako Saskibaloi Federazioan atzo egin zuten Dia Ligaren egutegia erabakitzeko zozketa, eta iaz moduan aurten ere, Lointek Gernika Bizkaiarentzat Snatt’s Femeni Sant Adria talde katalana izango da denboraldiko lehenengo aurkaria. Hala,
zenbait berrikuntzagaz dator aurtengo denboraldia. Aurrekoetan ez bezala, oraingo honetan zortzi taldek lehiatuko dituzte Erregina Kopa eta ligako titulua lortzeko kanporaketak. Gainera, hirugarren epailea ere egongo da partiduetan.
Maria Pina valentziarra Lointekeko kamisetagaz, iazko ligako lehen partiduan. Aurten Valencia BC taldean jokatuko du.
Talde gernikarrak
urriaren 17an (eguaztena) jokatuko du
etxeko lehenengo partidua. Emakumezkoen Ligara igo berri den Valencia BC izango da Malosteko lehenengo aurkaria. Talde horretan daude Lointekeko jokalari izan diren Maria Pina eta Anna Gomez valentziarrak.
Dia Ligaren egutegia 26 jardunaldik osatzen dute. Lehenengo buelta abenduaren 30ean amaituko dute, eta 2018-2019 denboraldiko
azken jardunaldia apirilaren 7an lehiatuko dute.
Gernika-Lumoko taldeak
RPK Araskiren kontra lehiatuko du denboraldiko lehen derbia. Bi taldeak Malosten ariko dira aurrez aurre, azaroaren 10ean (bigarren bueltan otsailaren 9an jokatuko dute Gasteizen).
IDK Gipuzkoaren kontra, berriz, lehenengo bueltako azken partiduan jokatuko du Jose Antonio Gasca Udal Kiroldegian, abenduaren 29an.
Talde gernikarraren helburua lehenengo itzulian ahalik eta puntu gehien pilatu, eta sailkapenean lehenengo zortziren artean geratzea izango da. Izan ere, abenduaren 30ean lehenengo zortziren artean dauden taldeak sailkatuko dira Erregina Koparen lehiara.
Halaber, ligako
titulua lortzeko kanporaketen egutegia ere zehaztu dute. Final-laurdenak apirilaren 10ean, 14an eta 17an lehiatuko dituzte ( zortzi talde, hiru partiduetan onena). Finalaurrekoak apirilaren 20an, 21ean, 24an, 25ean, 27an eta 28an izango dira ( lau talde, hiru partiduetan onena). Finalera sailkatzen diren bi taldeek maitzaren 2an, 5ean eta 9an lehiatuko dituzte partiduak.