Kanpainan eskuragai jarritako bono guztiak
agortu egin zirela azpimarratu dute arduradunek.
Irune Ormaetxea Bermeoko Garapen eta Turismo zinegotziak azaldu duenez, Bermeoko Udalak lehenengo aldiz martxan jarritako ‘Bermeoko bonoa’ kanpaina “arrakastatsua” izan da. Aurreikusitako helburuak bete dituela nabarmendu du, hau da, “
tokiko kontsumoa bultzatzea eta herriko
merkataritza sustatzea”.
Kanpainaren balorazioa egiteko, Ormaetxearekin batera Nere Mintegi Behargintzako zuzendaria, Karmele Sánchez proiektuaren dinamizatzailea eta Amaia Bustinza eta Bihotza Navarro komertzioen ordezkari bezala egon dira.
Kanpainaren arduradunak eta komertzioen ordezkariak.
Zinegotziak gogoratu duenez, kanpaina maiatzaren 2an abiarazi zuten. Bonoak eskaintzen hasi eta sei egunetara Bermeoko Udalak ateratako 1.500 bonoak agortu zirela aipatu du. Harrera ona dela eta, udalak beste 1.000 bono ateratzea erabaki zuen, eta horiek ere hiru egunetan agortu ziren. Hortaz,
guztira 2.500 bono atera zituzten, eta guztiak agortzea lortu zuten.
Bezeroek bonoak maiatzaren 26ra arte erabili ahal izan dituzte. Kanpaina bukatuta, parte hartu duten negozioek bonoak entregatu dituzte ordainketa egiteko. Jasotako datuen arabera, kanpaina honen bidez, ia
61.000 euro mugitu dira guztira Bermeoko establezimendu parte hartzaileetan. 18 bono entregatu gabe geratu dira.
Ormaetxeak azaldu duenez, kanpainaren kostua udalarentzat
13.651,24 eurokoa izan da: 12.500 euro bonoen diru-laguntzarako erabili dituzte eta gainerakoa, besteak beste, zerbitzuak, materialak edo banaketak kudeatzeko. Establezimendu guztiek jaso dute bonoen dirua.
Bonoekin erosketa gehien egin den sektorea
modarena izan da, ondoren, altzairuak eta dekorazioa eta zapata-dendak. Bestalde, bonoak gutxien erabili dira urdaitegietan, fruta-dendetan eta arte grafikoen sektorean.
Udala eta parte hartu duten komertzioen arduradunak “pozik” azaldu dira, eta
emaitzak “onak” izan direla nabarmendu dute. Udalaren lehentasuna “tokiko kontsumoaren alde egitea” dela azpimarratu du Ormaetxeak, “horrek Bermeoko merkataritza sustatzen duelako”, hori udalarentzako “apustu garrantzitsua” izanik, eta herriko merkataritzak “bizia, garapena, enplegua eta bestelako onurak” ematen dizkiolako Bermeori.