Sei bikoteren arteko desafioa hartuko du Ajangizko horma bakarreko frontoiak
Horma bakarreko frontoian V. Esku Pilota Txapelketa jokatuko dute barikuan.
Herriko plazan, elizako hormetako batean dago frontoia, eta Bizkaiko Foru Aldundiak horma bakarreko frontoi moduan katalogatuta duen bakarrenetakoa da. Gentzabale Elkarteko arduradunen berbetan, plaza inguruko giroa berreskuratu asmoz sortu zuten aipatu txapelketa. “Jai giro polita sortzen da, eta herriko zein inguruko pilota zaleak animatzen ditugu pilotaz gozatzera”.
Afizionatu mailako sei bikote lehiatuko dira, baina, horien aurretik Lea Ibarra Motrolloko umeen partidua egongo da. 17:45ak aldera hasiko da.
Afizionatu mailako pilotariak inguruko direla jakitera eman dute antolatzaileek. Hain zuzen, hauek dira sei bikoteak: Iglesias-Uriondo, Zugadi-Arkotxa, Legarra-Jaio, Uberuaga-Arrizabalaga, Txirloi-Muruaga eta Muniozguren-Muniozguren.
Umeen zein nagusien partiduak 18 tantora jokatuko dituzte; finala, berriz, 22 tantora izango da.
Partiduen ostean, txerriki jana izango dute.
Aurreko urteetan legez, Gentzabale Elkartek Ajangizko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza eduki du txapelketa antolatzeko.