Herriko jendeak, eskualdeko Zain Dezagun Urdaibai elkartearen laguntzagaz antolatutako jaialdia da Danona Donea. Antolatzaileen berbetan, ekimena
“topagune artistiko” bezala definitzen dute, eta “
parte hartzailea, ederra eta sortzailea” izatea nahi dute. Azaldu dutenez, jaialdian “arlo askotako jendea elkartzea” bilatzen dute, “bai Busturialdekoa, eta baita Euskal Herri osokoa ere”.
Horrela, Mundaka eta inguruetako “dantza, konta, kanta, marrazte, txalaparta, arte, artisautza, lur edota kultura” arloko ekarpen guztiek tokia izango dute Danona Donean, “denon artekoa” izango delako “
formatu berezia izango duen esperimentu” bezala definitzen duten proiektu berezi hori.
Denentzako jaialdia. Arratsaldean emango diote hasiera jaialdiari.
Txorrokopuntan bilduko dira
18:00etan, eta hortik
kalejiran arituko dira Mundakatik zehar, giro alaiean, herriko jendeari jaialdira hurbiltzera animatuz gainera.
Hortik, Santa Katalinara joango dira, eta bertan ospatuko dute jaialdia,
19:00etatik aurrera. Ekimenagaz ez dituzte kontzertu erraldoiak eskaini nahi: zerbait
txikia eta desberdina egitea dute buruan. Hori lortzeko, bildutako jendea
talde txikietan banatuko da, eta bertan nahi duenak bere
ekarpenak egin ahalko ditu giro eder batean.
“Arte disziplina guztiei dei egin nahi diegu”, azaldu dute antolatzaileek: besteak beste, artea, kultura eta diskurtsoa jorratu nahi dituzte, irakurketa saioak edota ideiak partekatzea posible izango da Santa Katalinan, baita bertsotan aritzea ere.
“Adierazpen askatasunaren aldeko jaialdia” izendatu dute ospakizuna, eta edonork bere barnetik “zerbait ederra ateratzeko” gaitasuna bultzatuko dute.
Hala, elektrizitaterik gabeko ekimena prestatu dute Danona Doneagaz. “Txosnarik gabekoa,
hurbilekoa eta xumea“, azaldu dute antolatzaileek. Naturak eskaintzen duen orografiaz baliatuko dira eszenatoki aparta izateko, Santa Katalina “denentzako gunea” dela aldarrikatuz, zaindu behar den eremua.
“Oso gauza berezia” sortuko dela uste dute jaialdiaren arduradunek, eta
mundu guztiari dei egin nahi diote gaur arratsaldean zerbait berria egiteko Santa Katalinan eta ingurukoei ekarpen propiak eskaintzeko.