Euskadiko Traineru Txapelketa uztailaren 31an lehiatuko dute, Lekeition.
Urdaibaiko arraunlariek ez dute hutsik egin, eta denboraldiko lehen titulua lortu dute.
Zierbenagaz lehia estua eduki zuten a
tzo Lekeitioko uretan, eta azken txanpan bi traineruek elkar jo arren, ez zen bestelakorik gertatu. Tentsio unea izan zuten, baina, garaipenagaz pozik bueltatu ziren etxera.
Zierbenak indartsu hasi du arraun denboraldia, eta atzo ere talde bermeotarrarentzat aurkari zuzenetako bat dela argi utzi zuen. Estropada buru jarri zen, eta lehen ziabogan, esaterako, sei segundoko aldea atera zion Bermeori. Ondo eutsi zion, baina, estropada erdian Bermeoko taldeak aurrea hartu, eta errenta mantendu zuen azkenera arte.
Bermeoko arraunlariak Lekeition, atzo.
Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
20 minutu, 25 segundo eta 57 ehunen markatu zuen
Bou Bizkaiak amaieran. Hiru segundo eta 41 ehunenera sailkatu zen traineru zierbenarra. Lekittarrarentzat izan zen brontzezko domina. Isuntza Bermeorengandik 28 segundo eta 11 ehunenera geratu zen. Lekeitiok eta Ondarroak lehia estua eduki zuten bigarren txandan, baina, lekeitiarrak nagusitu ziren. Hala, Ondarroa laugarren sailkatu zen atzo; Bermeotarrengandik 41 segundo eta 64 ehunenera geratu ziren ondarrutarrak.
Emakumezkoetan hiru taldek lehiatu zuten Bizkaiko Traineru Txapelketa.
Kaiku nagusitu zen, 12 minutu, 3 segundo eta 70 ehuneneko denboragaz. Deustuk lortu zuen zilarrezko domina, eta Lea Artibairentzat izan zen brontzezkoa. Kaikuk 19 segundo eta 26 ehuneneko aldea atera zion Deusturi.
Busturialdeko arraunlariak dauden Lea Artibai, berriz, Kaikurengandik minutu bat, 28 segundo eta 81 ehunenera geratu zen.
Lea Artibai taldeko arraunlariak.
Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Bestalde,
beteranoetan lau traineru egon ziren Lekeition. Arkote izan zen azkarrena, 11 minutu, 40 segundo eta 34 ehunenegaz. Getxo txapeldunorde geratu zen, irabazlearengandik 11 segundo eta 60 ehunenera sailkatuta. Deustu izan zen hirugarrena; Arkoterengandik 43 segundo eta 36 ehunenera geratu zen. Sestao geratu zen azken postuan, Arkotek minutu bat, 23 segundo eta 33 ehuneneko aldea atera zion.