Muxika, elektronika doinuez musikatuta
Backyard jaialdia ospatu zuten zapatuan, Muxikako Eleizalde auzoan. Hamabi orduz musika elektronikoa nagusitu zen, Bergaratik eta Bizkaitik tartean, eskualdetik etorritako DJen eskutik.Eguraldi onak ahalbidetzen du giro ona sortzea, baina ez da puzzlea...
Backyard jaialdia ospatu zuten zapatuan, Muxikako Eleizalde auzoan. Hamabi orduz musika elektronikoa nagusitu zen, Bergaratik eta Bizkaitik tartean, eskualdetik etorritako DJen eskutik.
Eguraldi onak ahalbidetzen du giro ona sortzea, baina ez da puzzlearen pieza bakarra izaten. Musikak ere, esate baterako, laguntzen du. Lagunarteko hizketaldiak girotzen ditu, herria dantzan jartzen du, jendea lasaitzen du. Dela musika klasikoa dela elektronikoa; musikak ere badu berea, eta jendeak ere badu bere musika.Erdu Gazte Asanbladak bigarren urtez egin du musika elektroniko topaketa. Iaz moduan, aurten ere jende asko bildu da Eleizaldeko zelaian, batez ere arratsaldetik aurrera.
Eta oraingo honetan ere, DJen emanaldiez gain, artisau azoka eta jolasak izan dira. Aurtengo berritasun nagusia grafitiak izan dira. Zero, Mai, Lan eta Kzn artistek bi grafiti koloretsu egin zituzten, jaialdia apaintzeko. Gainera, pizzen eta saltxitxa ogitartekoen food truck-ak bertan egon ziren dantzarien tripa-zorriak asetzeko.
Topaketa Katza b2b Balza taldeko musikarien doinuek ireki zuten. 16:00ak aldera, Eddie Mae taldekoen txanda izan zen. Arratsaldeak aurrera egin ahala, Kino Internacional, Delirius eta Les Alsborregach taldeko DJen musikagaz dantzatu zuten han bildu ziren guztiek. 22:00etatik gauerdira arteko tartea, ostera, Phonix musik taldekoek bete zuten. Horien erritmopean gorputzak astinduz borobildu zuten jaialdia.