Esku pilota
herrira hurbiltzeko, plazara ateratzeko asmoz berriztatuko dute frontoia. Hori da Gernika-Lumoko Udalaren eta Arkupe Pilota Taldearen helburu nagusia.
Ume, gazte zein helduek
pilotan jokatzeko bilgunea izatea gura dute, eta herritarrei ingurua errespetatzeko eskatu diete.
“Hemen sortu zen Arkupe Pilota Taldea”, adierazi du Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak.
1979. urtean sortu zuten, eta izena Pasealekuko frontoitik hartu zuten; Arkupean jokatzen zutelako.
Jesus Madariaga da klubaren sortzaileetariko bat: “Antzina arkupeetan egiten zen pelotan. Lehenago frontoia zaharra egon zen, eta hura kentzean hau zen erdigunea. Orduan elkarte gastronomikoek antolatzen zituzten esku pilota txapelketak”.
Raimundo Oar-Arteta Arkupe Pilota Taldeko presidentea, Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatea, eta Jesus Madariaga Arkupe Pilota Taldeko sortzailea, eguerdian.
Antzinako tradizioa berreskuratuta eta pilota kalera aterata, Pasealekuari bestelako giroa edota
bizitasuna ematea dute helburu. Gernika-Lumon zein inguruko herri txikietan esku pilotan elizpeetan jokatzen zutela azaldu dute eguerdian egindako agerraldian. Alkateak gogora ekarri du orain dela 30 urte arte Pasealekuan pelotan jokatzen zutela: “Bi leku egon ziren, bata, hau zen, nesken eskola azpian, eta bestea gaur egungo goiko eskaileren parean. Pasealekuak bizitasun itzela zeukan; pilotan zein bestelako jolasetan ume asko egoten zen. Bizitasun hori ere berreskuratu gura dugu”.
Raimundo Oar-Arteta Arkupe Pilota Taldeko lehendakariak esan duenez,
astero-astero hainbat
partidu eta entrenamendu egin gura dituzte Pasealekuko frontoian, bai eta txapelketak antolatu ere. “Oraindik egutegia zehaztu barik daukagu, baina hori da gure asmoa”.
Orain arte moduan, Santanapeko frontoian ere entrenatzen jarraituko dute, baina, hurrengo ikasturtetik aurrera, bi lekuetan egongo direla dio. “Batez ere herriko jendeak ikus dezala Gernikan oraindik ere pelotara jokatzen dela. Santanape jendearentzat urrun geratzen da, eta pilota ikusteko bertara joan behar da. Hau, berriz, jendeak ikusteko eta herritarrak hurbiltzeko leku aproposa da”. Hala, euren entrenamenduak ikusita, umeak taldera hurbiltzeko modua ere izan daitekeela uste dute.
Madariagak frontoia egokitu, eta herriko pilota taldea bertan presente egotearen garrantzia nabarmendu du. Haren berbetan, garai batean legez, orain ere
domekaro partiduak egotea bultzatuko dute: “Lehen meza ostean batzen ginen hemen. Sasoi batean, domeketako mezaren ostean hemen jende asko aritzen zen pelotaka. Gerra aurretik, esaterako, hogeitik gora pilotari profesional egon ziren Gernikan, eta hemendik atera ziren. Jende askok egiten zuen pelotan hemen”. Pilotari zein Pasealekuari berari mesede egingo diotela deritzote.
Frontisa margotzen eta zorua egokitzen ari dira. “Lauza batzuk apurtuta egon dira, eta behekaldea ondo jarri gura dugu”, zehaztu du Gorroñok.