Gaztelugatxen bisita gidatuak eskainiko dituzte uda garaian
Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, astelehenetan izan ezik, San Juaneko ermita irekita egongo da, modu horretan bisitei «balio gehigarria» eman asmozBermeoko Udalak eta San Juaneko Batzordeak bisita gidatuak eskainiko dituzte udan Gaztelugat...
Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, astelehenetan izan ezik, San Juaneko ermita irekita egongo da, modu horretan bisitei «balio gehigarria» eman asmoz
Bermeoko Udalak eta San Juaneko Batzordeak bisita gidatuak eskainiko dituzte udan Gaztelugatxen elkarlanean sortako ekimen baten bidez.Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, astelehenetan izan ezik, San Juaneko ermita irekita egongo dela iragarri dute udal ordezkariek. Ermitan, informazio zerbitzuaz gain, bisita gidatuak eskainiko dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz. Doakoak izango dira.
Idurre Bideguren Bermeoko alkatea eta Irune Ormaetxea Turismo eta Urigintza zinegotziak eman zuten atzo ekimen horren berri, eta azaldu zutenez, ermitaren ordutegia martitzenetik zapatura 11:00etatik 18:00etarakoa izango da, eta domeka eta jai egunetan, 11:00etatik 15:00etara bitartean egongo da irekita. Bisita gidatuei dagokienez, euskaraz egingo diren bisitak martitzenetik zapatura bitartean 12:30ean eta 15:30ean izango dira, eta domeka eta jai egunetan, 12:30ean. Gaztelaniaz egingo direnak, ostera, 13:30ean, 14:30ean eta 16:30ean egingo dituzte martitzenetik zapatura, eta 13:30ean eta 14:30ean, domeketan eta jai egunetan.
Ormaetxearen berbetan, bisita gidatuek «Gaztelugatxeko San Juan, bere historia eta istorioak, beragaz lotuta dauden tradizio, jaiak eta ohiturak, bere ingurumen balio izugarria eta itsasoa-gaz, arrantzaleekin eta Bermeogaz daukan lotura ezagutzeko aukera paregabea» eskainiko diete bisitariei.
Argitu zutenez, herriko bi pertsonak hartuko dute bisitak egiteko ardura, eta horiek «Gaztelugatxe den altxorraren sekretu guztiak bihotz bihotzetik» azalduko dizkiete bisitariei, ermitara joateari «balio gehigarria» emanez. «Oso pozik» azaldu ziren ekimenagaz, eta San Juaneko batzordeagaz egindako elkarlana nabarmendu gura izan zuten, eta eskerrak eman zizkieten guztiagatik.
«50 alegazio baino gehiago»
Beste aldetik, Bideguren Gaztelugatxeren inguruan Bizkaiko Foru Aldundiak egindako proposamenari buruz aritu zen. Jakinarazi zuen Bermeoko Udalak «50 alegazio baino gehiago» aurkeztu dizkiola aldundiari epe barruan; horren harira, ekainaren 1ean aurkeztu zituztela azpimarratu zuen.
Udalaren alegazioez gain, Bermeoko herritarren ekarpenak ere aldundiari helarazi dizkiotela nabarmendu zuen, San Juaneko boluntarioen batzordearen alegazio propioez gain.
Egindako alegazio garrantzitsuenen berri emateko aprobetxatu zuen alkateak. Esate baterako, Gaztelugatxe Bermeoren «altxorra» dela eta, aldundiaren plangintzan bere lotura «bermeotarren historia, tradizio, hizkuntza eta izateko eragaz lotu» behar dela eskatu dute, herriko «identitatea eta nortasuna jasotzeko». Plangintzan bertan herriko ohitura asko ez zirela agertzen ikusita, hori osatzea garrantzitsua dela uste du Bermeoko Udalak.
Turismo aktiboa
Irisgarritasunari ere berebiziko garrantzia eman nahi diotela aipatu zuten. Bermeo eta Gaztelugatxe batzen dituen oinezkoen eta bizikleten bideari lehentasuna eman nahi diote, horiek egokitzeko lanekin. Turismo aktiboa bisitarien motibazio nagusietako bat dela nabarmendu zuten. Hala ere, egun zehatz batzuetan autobusez bakarrik heltzeko aukera aztertzea proposatu zuten, masifikazioa ekiditeko helburuagaz.
Itsasoko eskaintza indartzeko proposamena ere egin dutela esan zuen alkateak. Gaztelugatxe ezagutzeko «modu ederra» dela uste dute, eta gainera, arlo horretako herriko enpresen «lanpostuak indartzea» suposatuko lukeela adierazi zuen.
Gaztelugatxek garapenerako eskaintzen dituen aukerak aprobetxatu behar dituztela esanez bukatu zuten. Heltzen diren turisten %64 Bermeotik doala jakinarazi zuen, eta kopuru hori «handiagoa izatea lortzeko» asmoa adierazi zuen Bidegurenek, betiere «masifikazioak saihestuz, ingurua zainduz eta Bermeoren identitatea babestuz».