Ane Irabazal: "Gu ez gara gai gauzak aldatzeko, kontatzeko baizik"
Agintari europarrek arazoei aurre egin beharrean, etsaien sistemak kopiatzen dituztela uste du freelance kazetariak.
Asilo eskatzaileek bestelako bideak bilatu dituzte, eta Bosnia dela horietako bat esan du Irazabalek. “Serbian harrapatuta daudenak Bosniara joaten dira, handik Kroaziara zeharkatzeko esperantzaz. Kroaziako polizia oso bortitza da; harrapatu eta Bosniara deportatzen ditu”. Han milaka errefuxiatu geratzen direla pilatuta esan du, ezer egin ezinik: “Bosniak ez dauka asilo eskatzaileei laguntza antolatua eskaintzeko baliabiderik”. Balkanetako egoera puri-purian dago, baina Italiak duen garrantzia berebizikoa da errefuxiatuen kasuan. Ondo ezagutzen du. “Errefuxiatuen gaian Europako Batasunean Italiak duen pisua berebizikoa da, baina arreta mediatikoa batzuetan oso zitala izaten da; fokua lekuz aldatzen doalako momentuoro”. Errefuxiatuen egoera “inflexio puntu garrantzitsuan” dagoela uste du. “Eskuin mutur ultranazionalista boterean dago Italian. Salvini oso indartsu dago; astero proposamen politiko bat egin, eta gai da aurrera eramateko. Barne ministro izendatu zutenetik, gerra pertsonala hasi du Mediterraneo itsasoan lanean ari diren Gobernuz Kanpoko Erakundeen aurka. Mediterraneotik kanpo nahi ditu denak. Poliki haien kriminalizazioa zabaltzeko estrategia bat ari da egiten”. Italiaren boterea Hasieran, GKEei Italiako portuetan porturatzea debekatu zietela dio, eta azkenaldian kriminalizazio prozesu horretan, aurrerapauso arriskutsuak egiten ari dela: “Erreskate lanetarako Italiako kostazainekin koordinatu beharrean, Libiako kostazainekin koordinatu beharko dituzte operazioak, eta hori probokazio oso handia da. GKEek arazo asko izan dituzte Libiako kostazainekin. Erasotu egin dituzte”. Salvinik Libia hegoaldean erregistro edo kanpaleku handiak egitea proposatu duela azaldu du Irazabalek. “Italiako gobernua akordio batera iristen ari da Libiako miliziekin, eta horiek dira pertsonen trafikoagaz aberasten direnak. Hipokresia handia ikusten da Italiako agintarien artean, iheslariak Italiara ez iristeko deabruagaz sinatzen baitituzte akordioak”. Gatazka tokietan egiak dira lehenbiziko biktimak; eufemismoen garaian gaude. Europako mugimendu ultraeskuindarrek proposatzen dituzten gauzak beste herrialdeek “kopiatzen” dituztela argi du: “Italiak sekulako pisua dauka Europako agintariengan. Nola egin nire etsaiak irabaz ez dezan? Nire etsaiak proposatutakoa nirea hartuta. Hori da Europako politikarien sistema, besteena hartzea, arazoei aurre egin beharrean”.“Errefuxiatuen kasuan, arreta mediatikoa batzuetan oso zitala izaten da. Fokuetatik urruti dauden eta ezagutzen ez ditugun gatazka leku asko daude”