Herri txikiak dira Elantxobe eta Mundaka, baina bertakoak jai nagusiak izaten dira sanpedroak. Mundakan sanjoanak ere ospatzen dituzte, eta atseden hartu barik ailegatzen dira sanpedroak. 03:00etako alboradagaz hasi zituzten, hain zuzen ere, San Pedro jaiak Mundakan, ekainaren 28an. Atzo ospatu zuten santuaren eguna batean zein bestean, eta baita Lumon eta Bermeon ere. Prozesioa egin zuten Bermeon, urtero legez. Ohiturari jarraitu zioten Mundakan ere, prozesioagaz eta santuari ohorezko aurreskua eginda. Astebururako, hala ere, hainbat jarduera dituzte aurretik.
Bermeoko sanpedroetako prozesioa. Argazkia: Bermeoko Udala.
Txistularien kalejirak ez du hutsik egiten inoiz Mundakan, eta gaurkoa ere ez da salbuespena izan. Goizean atera dira herriko txistulariak kaleak alaitzera, eta gauza bera egin dute zanpantzarrek. Indar bereziagaz ospatzen dute urtero sukalki txapelketa herri horretan, eta aurten ere hala egin dute. Goizean goiz hasita kazolak prestatzen hasi dira kuadrillak, eta eguerdian aurkeztu dituzte. Iaz 37 kazola aurkeztu zituzten, eta aurten, aldiz, 35. Horien guztien artean, 14 zenbakidun kazola nagusitu da aurten. Garaipenaren truke, irabazlearen diploma, txapela, 80 euro, udalak emandako zapiak, Mundak BC-ren oparia, Mundaka surf-eko liburu bat, ezkatzeko tresnak, Mundaka Turismoren oparia eta Izarzugaza harategiaren otzara jaso dituzte. 17 eta 13 zenbakidun kazolek egin dutea, aldiz, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Dena den, ez dira saritu bakarrak izan; izan ere, lehen bost sailkatuek jaso dute sariren bat edo beste.
Eguraldia lagun. Goiz eta eguerdian eguraldia lagun izan dute, eta jai giroa nagusitu da kostaldeko herri horretan. Arratsaldean ere, hala jarraitzeko aitzakiaren faltan ez dira izango bertaratutakoak, nahiz eta eguraldiaren iragarpenek lagundu ez. Sound Systemen musika ekitaldia izango da aukeran, esaterako, txosna gunean, 16:00etan hasita. Leku berean eta gau partean, aldiz, komedia ikuskinagaz gozatu ahalko da. Musika ere ez da faltako, eta herria girotzeko etorriko dira Gozategu taldeko musikariak. 23:00etan hasiko dute beraien emanaldia, herriko plazan.
Bihar, bestalde, txistularien soinu hotsak esnatuko ditu herritarrak aurreko eguneko jai giroari jarraipena emanez. Aurrekoetan arrakasta izandako uretako puzgarriak jarriko dituzte ondoren plazan, eta sardinak jateko aukera aparta izango da eguerdian txosna gunean. Arratsalde eta gauerako, pilota partiduak eta disko festa dituzte antolatuta. Azken trakagaz agurtuko ditzte jaiak datorren urtera arte 22:30 inguruan.
Elantxoben, marmitakoa. Elantxoben, ostera, sukalkia barik, marmitakoa egiten aritu dira herritarrak gaur goiz eta eguerdian. Triki poteoa egiteko tartea ere izan dute, eta prestautakoa jateko elkartu dira ondoren. Arratsaldean, dantza saioak izango dira, eta umeentzako aukera ere izango da: disko festa eta puzgarriak. Mundakan bezala, Elantxoben ere musika emanaldiak girotuko du zapatu gaua. Hain zuzen, The Associados taldekoak igoko dira taulagainera.
Marmitakoa prestatzen, Elantxoben
Bihar bukatuko dituzte herriko jai nagusiak. Portuan, bigarren eskuko merkatua jarriko dute, eta askotariko produktuak salerosteko aukera izango da.
Lumoko jaiak. Herrietan ez ezik, auzoetan ere ospatzen dituzte jaiak. Gernika-Lumon, esaterako, garrantzia berezia izaten dute auzoko festek. Lorategietakoak ospatu zituzten eta San Juan Ibarrakoak, ondoren. Orain Lumokoen txanda iritsi da, eta horiei lekukoa hartuta iritsiko dira Agarrekoak ere. Santa Luzia eta Errenteriakoak abuztuan ospatuko dituzte.
Atzo bota zuten txupina Lumon, gaur eta bihar dituzte egun handiak auzoan. Sukalkia prestatzen aritu dira gaur Mundakan, eta marmitakoa Elantxoben. Gernikako auzo horretan, aldiz, tortilla gozoak prestatzen aritu dira. Herri bazkarian bildu dira herritarrak, eta bapo jan ostean, briska eta mus txapelketak jokatu ahalko ditu nahi duenak. Gainera, idi probak ere lehiatuko dituzte 18:00etan hasita. Gauean, musika barik, bakarrizketekin gozatuko dute Lumon.
Bihar, kirola eginez hasiko dute eguna. Oinez, martxa laburra zein luzea egin ahalko da, eta marmitakoa egiteko elkartuko dira auzotarrak. Egunak beste hainbat jarduera ekarriko ditu auzora: igel-toka eta futbolin txapelketa, dantzak, tute txapelketa, umeen jolasak, txokolate jana, disko festa… 20:00etan botako dute txupina, jaiei bukaera emateko.
Mundakako sanpedroetako argazki galeria: