Merkurion hasi eta Guardia Zibilaren kuarteleraino joan dira manifestazioan hainbat herritar. Musikaz lagunduta egin dute bidea, eta aldarriek ere izan dute tokia gaurko mobilizazioan. Era batean edo bestean esanda, “
indar okupatzaileak Euskal Herritik kanpora” nahi dituztela esan dute ozen. Behin
kuartelera iritsitakoan, ekitalditxoa egin dute.
Altsasuko herria eta “Guardia Zibilak prepotentzi, botere eta gorrotoa medio, kartzelan bahituta” dituzten Iñaki, Adur, Oihan, Julen, Aratz, Ainara, Jonan eta Jokin altsasuarrak
gogoratu eta agurtuz hasi dute ekitaldia. Era berean, Oñatin ere gaur Fan Hemendik eguna ospatzen ari direla gogora ekarri dute. Dioetenez, herritar eta herri asko dira “alde hemendik” aldarrikatzen dutenak, baina hemendik aurrera, “gehiago” izateko asmoz lan egingo dutela nabarmendu dute.
Urteak dira Euskal Herriak aldarrikapen bera egiten duena, eta gaur ere, hala egin dute.
“Ez ditugu ez Gernikan ez Euskal Herrian nahi, ez ditugu behar, eta aurrean izango gaituzte hemen jarraitzen duten bitartean”. Izan ere, gaurko ekitaldian aipatu dutenez, “Guardia Zibilak euskal herriarentzako inola ere nahi ez dugun guztia adierazten du: jazarpena, tortura, injustizia, boterea, faxismoa, matxismoa, harropuzkeria, mehatxua, beldurra…”.
Horren aurrean ezin direla isilik geratu esan dute, eta azpimarratu dute
“ezinbestekoa” dela erantzuleak salatu eta herritarrak elkar babestea.
“Guk argi daukagu terroristak nortzuk diren; haiek dira terroristak! Haiek dira gaur egun beldurra arma bezela erabiltzen dutenak”.
Eta horiei ere hitz egin diete. “Arrazoi politikoak dauzkagu, eta uste dugu politika gauza pertsonala ere badela, eta zuek zaretela era pertsonalean Guardia Zibilak izateko erabakia hartu duzuenok; alegia, sistema bidezkoan sinesten eta berau maitatzen dutenentzat errepresioa, mehatxua eta kartzela baino ez dakartzaten estatua eta sistema defendatzeko erabakia hartu duzuenak. Errespetuan eta berdintasunean oinarritzen den herri bat eraikitzeko ekarpen onik ez dute egiten ordezkatzen dituzuen baloreek”.
Hala, ekitaldia Periko Solabarriaren esaldi bategaz bukatu dute:
“Ez badiguzue amesten uzten, ez dizuegu lorik egiten utziko”.