“Espero dugu herriko beste gazte batzuek gure bideari jarraitzea”
Arrantza tradiziodun herri txikia da Elantxobe, baina, zortzi bat urte dira herrian azken arrantzontzian eduki zutenetik. Andoni Goitizek eta Igor Diezek euren familiako lekukoa hartu berri dute.
Kofradiarik ez duzue herrian. A.G.: Arrantzontziak desagertu zirenez, kofradia udalari utzi zitzaion, herriak erabiltzeko, herritarren beharrizanetarako lekua egoteko. Orain, ontzia ekarri dugunez, bertan lekua edukiko dugu gure materiala gordetzeko. Nora eramaten duzue arrantzatutakoa? A.G.: Bermeora. Han jarraitzea da asmoa, hurbilago dugu-eta. Gero ikusiko da, prezioaren arabera, Bermeon edo Ondarroan salduko dugun arraina. Gorabehera asko egoten dira salmentetan: arrantza motaren eta kopuruaren arabera, eta eskariaren arabera. Bermeogaz alderatuta, Ondarroan bentari gehiago dago. Arrantza sektorean esperientzia al daukazue? A.G.: 18 urtegaz sartu nintzen aita eta osabarekin Noyes itsasontzian, eta lauzpabost urte egin nituen han. Gero, Iberdrolak azpikontratatuta, zazpi urte egin nituen mantentze lanetan. Baina ikusi nuen hura ez zela niretzat; umetatik, arrantza izan da nire pasioa. Honetan sartu aurretik, Castron urtebete egon nintzen, eta, ondoren, lehengusuaren Jesús de Nazaret ontzian, Lekeition. Oso gustura egon nintzen, eta denbora gutxian asko ikasi dut. I.D.: Esan liteke Andonik atera ninduela amaren gonapetik. Leketion zegoela deitu zidan, eta astebetera itsasoan nengoen, hegaluze bila. Castron ere elkarrekin egon ginen. Gero, Getariako Irigoyen Berria enpresaren ontzi batean egon nintzen. Lan asko egiten dute, eta gustura egon nintzen. Asko ikasi nuen itsasoan urte asko daramatzan jendearengandik. Orain, hau da gure ilusioa; herrian ari gara, eta oso gustura. Senideen lekukoa hartu duzue. A.G.: Tradizioari jarraitu diogu. Ia familia guztia aritu da arrantza munduan. Aitak eta osabak itsasontziak zituzten. 7-8 urte nituela, aitaren saredun ontzian ezkutatzen nintzen. Portuan zeudela sartu, eta itsasoratzean konturatzen ziren han nintzela. I.D.: Gurean ere, gauza bera; aitita makinen arduraduna izan zen, eta osaba ere hemen aritu zen. Itsasoan zaudela, konturatu gabe pasatzen zaizkizu orduak. A.G.: Askotan, goizeko bostetan itsasoratu eta etxera eguerdiko ordu bietan heldu arren, arratsaldean daukadan motor txikia hartu, eta nire kontura arrantzan ateratzen nintzen. Gogorra da, eta lan handia dago, baina guretzat zaletasuna ere bada. Lehen sektoreko beste alorretan legez, belaunaldien arteko transmisioa eten, eta sektorea asko aldatu da. A.G.: Euskal Herrian asko jaitsi eta aldatu da arrantzaren egoera. Umeak ginela, dozena bat ontzi zeuden portuan. Geldiro-geldiro, kenduz joan ziren. Esaterako, orain dela hamar bat urte kendu zuten gure aitak-eta eurena. Burugogorra naizenez eta beti amets hau izan dudanez, hemen gaude. I.D.: Beti Anaitasuna izan zen hemen egon zen azkena. Saredun itsasontzi berde bat zen, eta orain dela zortzi urte kendu zuten hura. A.G.: Hango patroi Florenek asko lagundu dit, eta asko ikasi dut harengandik ere.“Ilusio itzela daukagu, eta espero dugu hau luzerako izatea”
Zelan ikusten duzue gaur egungo egoera? A.G.: Denborak esango du, baina ilusioa eta gogoa baditugu. Errentagarria den artean, aurrera jarraituko dugu. I.D.: Saredunak edo ardorekoak Santurtzin lau daude, Bermeon bi, eta Ondarroan eta Lekeiton bana. Lekeition Kalamu da ardorea, 32-35 metrokoa eta 14-16 metroko lebazaleak lau bat dira. Bermeon, saredun handiak bi geratzen dira: Lekanda eta Euskal Herria. Gipuzkoan arrantzontzi gehiago daude. Oraintxe, euskal kostaldetik ardoreetan indartsuenak Getaria eta Hondarribia dira. Eta etorkizuna? A.G.: Badakigu gogorra izango dela eta sufritu beharko dugula. Espero dugu herriko beste gazte batzuek gure bideari jarraitzea. Geldiro-geldiro gehiago irtetea. Ez dakigu hemendik zenbat urtera, baina beste ontziren bat portuan ikustea espero dugu; bizpahiru egotea polita litzateke: beste bizitasun bat emango lioke herriari. I.D.: Titulua ateratzen ari naiz, eta praktikak hemen egingo ditut. Horrela, makinan ere ibiltzeko aukera edukiko dut, behar izanez gero. Horregatik, erakundeen laguntza behar-beharrezkoa dela azpimarratu duzue. A.G.: Aurrera egiteko eta aukera berriak sortzeko, ezinbestekoa da haien laguntza. Ontziak kentzeko asko ematen dute, baina berrietarako ia ez dago ezer. I.D.: Hemen, dena turismoari begira pentsatu da azkenaldian. Arrantza albo batera utzita egon da, eta guk arrantza sektorea bizirik mantentzea gura dugu.“Hemen dena turismoari begira pentsatu da azkenaldian. Arrantza albo batera utzita egon da, eta guk arrantza sektorea bizirik mantentzea gura dugu”