Belaunaldiz belaunaldi usadioak berrindartuz
Ohitura zahar eta ekimen berriek bat egingo dute San Pedro jaietan. Omenaldia egingo diete Kabanako beharginei. Itsasontzi maketen erakusketa egongo da BarandiaranenBiziki bizi duten San Pedro eguna ospatuko dute gaur lekeitiarrek. Ospakizunekin hasita...
Ohitura zahar eta ekimen berriek bat egingo dute San Pedro jaietan. Omenaldia egingo diete Kabanako beharginei. Itsasontzi maketen erakusketa egongo da Barandiaranen
Biziki bizi duten San Pedro eguna ospatuko dute gaur lekeitiarrek. Ospakizunekin hasita daude jada atzotik, eta domekara arte usadioari lotutako ekimen zein proposamen berri ugari izango dituzte aukeran. Belaunaldiz belaunaldi ailegatu diren San Pedroren omenezko prozesioa, Kilin Kala, Kaxarranka eta Lekeitioko emakumeen aurreskua ez dira faltako.Ohi modura, itsasoari begira jarriko dira lekeitiarrak arrantzaleen zaindariaren omenezko jaietan. Hala nola, Euskal Herriko Zingan Txapelketa, batelen itsasoratzea eta erakustaldia eta estropada ere egingo dira belaz zein arraunean. Lekeitioko Untziola elkarteak, gainera, itsas maketen erakusketa jarri du ikusgai, Barandiaran aretoan. Hala, domekara arte, itsasontzien hogei bat maketa eta untziola bat miretsi ahalko dituzte bisitariek. Azaldu dutenez, erakusketagaz itsas tradizioa gazte zein nagusiengana hurbiltzea nahi dute, itsasontziek Lekeition utzitako ondarea ezagutzera emanez. 1927an eraikitako 17 metroko Lucrecia txalupa ere Lekeition egongo dela aurreratu dute.
Argazkilaritza maite dutenentzat, berriz, jarduera paregabea antolatu du Lekliktxo Lekeitioko Argazki Elkarteak; bigarren Argazki Rallya egingo da bihar, eta parte hartzeko Kofradiara hurreratu eta izena eman behar da 08:00etatik 10:00etara. Lehiaketa 09:00etan hasiko da.
Musikak eta kirol erakustaldiek ere ez dute hutsik egingo sanpedroetan. Akarregi Pilota Taldeak antolatuta, Lekeitioko 13. Buruz buruko Eskupilota Txapelketako eta pala eta zesta-puntako finalak jokatuko dira gaur frontoian, eta Garraitz Kirol Taldeak antolatutako 21. Kilin Kala igeri zeharkaldia bihar egingo da portuan.
Omenaldi berezia ere egingo diete Kabanako langileei aurten; udaletxeko eskaileretan izango da gorazarrea.