Karmenak eraso sexisten kontrako manifestazioagaz hasiko dira
Goiko Portaletik 20:00etan abiatuko den manifestazio zaratatsuagaz hasiko da aurten Karmen jaietako txosna guneko egitaraua. Jaietan be erasorik ez lelopean, jaiak erasorik gabekoak izan behar duten aldarria jendarteratu eta jaigunea eremu askea dela i...
Urtero modura, herriko jaien atarian, txosna guneko egitaraua aurkeztu du Markina-Xemeingo Txosna Batzordeak. Aurten ere, adin ezberdinetako jendearentzako egitaraua lotzen ahalegindu dira, eta bezperatik hasiko dira karmenak berotzen. Uztailaren 12a izango da Txosnen Eguna.
Iaz izandako arrakasta ikusita, aurten ere Bertsio Gaua antolatu dute. Oraingoan ere, txosnetako afariaren ostean aterako dira oholtzara parte hartzaileak. Nahi duen guztiak parte hartu dezake, bakarka zein taldean, egin beharreko bakarra musika talde baten bertsioak jo edo imitatzea izango da, eta bi edo hiru kanta izango dira gehienez. «Gure eguna izango da eguena, eta parte hartzera animatzen bagara giro polita egongo da afalostean».
Izena emateko epea itxita badago ere, berandu dabiltzanei ere aukera ematea erabaki dute Txosna Batzordekoek, eta horretarako, hurrengo helbide elektronikora idatzi behar dute: mxtxosnabatzordea@ gmail.com.
Afaria
Zehaztu dutenez, 21:00etan hasiko den afarirako txartelak ere laster egongo dira salgai Patxua eta Mateo tabernetan, 10 eurotan. «Aukera beganoa ere egongo da, eta azken urteetan legez, 200 txartel aterako dira. Iaz ere 190 izatera heldu ginen, ea aurten ere kopuru eder batera heltzen garen».
Uztailaren 13an, betiko modura, txupina bota ostean, txosnak zabalduko dituzte, eta bizikleta kalejiraren hasiera txosnetan bertan izango da. «Eta gauean, Gazte Asanbladak Zelaian antolatutako kontzertuen ostean, eta iazko arrakasta errepikatu asmoz, DJ Bull etorriko da gogotsu 03:00etatik 06:00etara, txosnak itxi arte».
Uztailaren 14an, Zelaian, Gozategiren erromeria amaitzen denean, El Txef A DJ gernikarra egongo da. Domekan, berriz, Biren ondarrutarrek alaituko dute gaua, 20:00etan hasiko den kontzertuagaz, eta uztailaren 16an Alarabi erre ostean, azken urteetan egin den legez, txokolatea eskainiko dute txosnetan.
Astoak ere irtengo du Zelaira aurten ere, bateren bat zortedun egiteko. Uztailaren 12an egingo da XATek antolatutako Asto Pekotzaren zozketa. 19:00etan aterako dute astoa berdegunera.