Joan Mari Torrealdai omendu dute Donostian
Zentsura eta literatura: Memoria eztabaidatuak nazioarteko biltzarra ospatu zuten joan den astean, eta EHUko MHLI Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketa taldekoek Joan Mari Torrealdai idazle forutarra omendu zuten.Biltzarra Donostiako Mira...
Biltzarra Donostiako Miramar jauregian egin zen, eta jardunaldiaren ardatz nagusia literatura izan zen, baina zentsurak eragindako ondorioei ere arreta handia eskaini zioten. Andres Urrutia euskaltzainburua izan zen omenaldiaren aurkezpena egiteko arduraduna, eta nabarmendu zuenez, Torrealdairen ibilbideari omenaldia egiteko «marko ezin aproposagoa» izan zen biltzarra.
Urrutiaren berbetan, zentsurari «hurbiletik so egin dion» ikerlari euskalduna da forutarra, eta «euskaraz eta euskararen erabileraren ondorioz sorturiko emaitzen zentsura» izan du helburu. Biltzarrean idazlea goraipatua izateko «meritua» hortik datorrela esan zuen euskaltzainburuak, eta euskal kulturgintzan izandako «zentsuraren eragina» Torrealdaik «sakonean» ikertu duela adierazi zuen.
«Birus mutantea»
Torrealdaik argi utzi nahi izan zuen zentsura frankista «aparatu oso bat» izan zela, baina gaur egun jasaten den zentsura desberdina, «likidoa» zela argitu zuen. «Birus mutantea» bezala izendatu zuen zentsura, «era guztietako formak» hartzen dituena.
Frankismoko urteak atzean utzi ondoren, herritarrei beraien «memoria itzultzeko garaia» heltzean hori ezkutaturik utzi zela adierazi zuen Torrealdaik, herria «desmemoria programatu» batean sartuz, urteak igaro ondoren «deskubritu» behar izan zen memoria.