Harrien ondorioz trabatzeak egon dira herrigunea igarotzen duen lurrazpiko ur kanalean.
Iratxe Arriola Eako alkateak adierazi duenez, batez ere urte hasieran emandako euriteen ondorioz sedimentuen
pilaketa handi bat eman zen bertan. Eremu hori estalita egoterakoan, ur jario handi batek kanala gainezka egitera eraman ahal du, eta hori gertatzerakoan “uholdeak izateko arrisku handia” dagoela nabarmendu du, aparkalekuaren eta udaletxearen inguruan.
Eako tunelaren garbiketa lanak. Argazkia Eako Udala.
Hondakin solidoen garbiketa lanak aurrera eramateko, udalak Bizkaiko Foru Aldundiari ustegabekoetarako diru laguntza eskatu zion, eta lanen exekuzio kostua
36.000 eurotakoa izan da.
Halako egituren
mantenu-lanak egitea
“garrantzia handikoa” dela adierazi du Arriolak. Urteetan tunel horretan garbiketa lanak egin ez direla esan du, eta azken pilaketa horien ondorioz zerbait egitea “beharrezkoa” izan dela nabarmendu du.
Lan horiez gain, tunelean hondakin solidoen pilaketa
eragozteko obrak ere egiten ari dira. 2016. urtean Eako Udalak Uraren Euskal Ajentziagaz jabari publiko hidraulikoko ibai-ibilgu eta ertzetan batera lan egiteko lankidetzarako protokoloa sinatu zuen, eta aurtengo konpromisoen artean, Bekoerrekan, Madarya inguruan hondakin solidoak multzo handietan geldiarazteko obrak aurkitzen dira.
Obra horiekin, errekan behera hondakin solido
gutxiago iristea bilatzen du udalak, eta herrigunea libreago uztea lortu. Lanek gertatu daitezkeen uholdeetan “eragin zuzena” izango duela adierazi dute obraren arduradunek. Obren kostua
72.600 eurotakoa da.
Alkatearen berbetan, etorkizunerako udalaren ardura kanala “zaintzea” da, epeka garbiketa lanak eginez, pilaketa horiek berriz ez ematea helburutzat hartuta.