Bizkaiko Foru Aldundiak lehenengoz antolatu du aipatu txapelketa. Halaber,
Gizonezkoen VII. Torneoa ere jokatuko dute.
Gizonezkoena udan lehiatuko dute; Bilboko Aste Nagusian Bizkaia frontoian izango da finala.
Emakumezkoena, ostera,
urritik aurrera jokatuko dute.
Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuaren berbetan, aldundiaren erronketako bat kirolean
emakumearen presentzia bultzatzea da: “Torneo honekin emakumearen pilota jokoa ikustaraztearekin batera, emakume gazteen artean pilotarako afizioa piztu nahi dugu, gero eta emakume pilotari gehiago egon daitezen”.
Bizkaia Torneoa pilotariak sortzeko asmoz jaio zela gaineratu du. “Pilotarien erreferentzialtasuna indartzea eta aitortzea eta baita pilota zaletasuna sortzea ere badira helburuak. Eta Bizkaiko Foru Aldundiaren iritziz, guzti hori egiteko ezinbestekoa da gizonezkoak eta emakumezkoak izatea. Gizonezkoek eta emakumezkoek egiten baitugu gizarte hau. Gizarte hau guztion artean osatzen dugulako, eta gizarteko alor guztietan ezinbestekoa dugulako aukera berdintasuna bermatzea bertan bizi garen guztion artean, genero bereizketa barik”.
Andrazkoen egutegia. Nesketan esku pilotako eta palako txapelketa jokatuko dituzte ligaxka sisteman, eta modalitate bakoitzean sei bikote egongo dira, bi multzotan banatuta. Partidu guztiak Bilboko Bizkaia frontoian izango dira. Eskukoa urriaren 27an hasiko dute eta azaroaren 17an izango da finala. Palakoa, berriz, abenduaren 8tik 29ra bitartean lehiatuko dute.
Arrizabalagaz batera, besteak beste, Leire Etxaniz Etxebarriako pilotariak ere parte hartuko du torneoan. Gernikarrak eta etxebarritarrak bigarrenez irabazi dute aurten Emakume Master Cupa.
Bilboko Kale Nagusian aurkeztu zituzten atzo torneoak.
Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.
Gizonezkoak. Bestalde, gizonezkoetan bikotekako, buruz buruko eta lau t’erdiko partiduez gozatzeko aukera izango dute pilota zaleek. Besteren artean, Altuna III, Elezkano II, Rezusta, Urrutikoetxea, Bengoetxea VI, Irribarria, Olaizola II, Ezkurdia eta Zabaleta pilotari ezagunek parte hartuko dute.
Bizkaia Torneoa da taldeka lehiatzen den bakarra; Bizkaiko mendietako izena duten taldeak izango dira: Oiz, Sollube, Gorbeia, Kolitza, Anboto eta Gabekogorta.
Binakakoan, 24 pilotarik jokatuko dute: Altuna-Martija, Elezkano-Zabaleta, Irribarria-Rezusta, Olaizola-Aretxabaleta, Urrutikoetxea-Albisu, Bengoetxea-Larunbe. 4 1/2koan sei pilotari ariko dira: Ezkurdia, Mendizabal, Retegi II, Victor, Laso, Arteaga II eta banakakoan beste sei: Ugalde, Dario, Etxeberria, Erasun, Urretabizkaia eta Bakaikoa.
Bi final-laurdeneko kanporaketa lehiatuko dituzte. Arrigorriagan hasiko dute torneoa, uztailaren 20an (22:00), eta Oiz eta Ganekogorta taldeak ariko dira zein baino zein gehiago. Uztailaren 22an (18:00) Barakaldon dute hitzordua Gorbeia eta Kolitza taldeek.
Gero, Etxebarriak hartuko du lehen finalerdia, uztailaren 22an (18:00), eta beste finalaurrekoa Zeanurin izango da, uztailaren 29an (17:00). Abuztuaren 21ean Bilboko Bizkaia frontoian jokatuko dute finala (18:00).
Finaleko sarrerak salgai daude dagoeneko Asegarce (688868868) eta Aspe (661259009) pilota-enpresetan. Kanporaketen sarrerak jokatzen diren pilotalekuetako txarteldegietan erosi ahalko dira.
Bizkaia Torneoarekin, Aldundiak pilotazalei partida oso interesgarriak eskaintzen jarraitzeko konpromisoa berresten duela adierazi du Bilbaok, “zaletuek ikuskizun ederra goza dezaten, eta euskal pilota Bizkaia osoan zehar sustatzen jarraitzeko asmoz”.