Bermeoko jaien kartelen
hiru finalistak joan den barikuan, ekainaren 22an, aukeratu ziren.
Herritarrek 2018ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaien kartel irabazlea aukeratu ahal izango dute beraien botoen bidez. Finalisten artean,
Andramaixen pentsamentuen,
Baguez Bermiorantz! eta
Haizien barrure, izeneko kartelak daude.
Epaimahaiak aukeratutako hiru kartel finalistak. Argazkia: Bermeoko Udala
Hala, bermeotarrek
uztailaren 5era arte bozkatu ahal izango dute hiru kartel horien artean Bermeoko
Kultur etxean ezarriko den kutxan edo internet bidez, gustukoen duten kartela
webgune honetan aukeratuta. Pertsona bakoitzak
baten bakarrik bozka dezake. Kutxan jasotako botoek
%70eko balioa izango dute eta internet bidez jasotakoek
%30ekoa.
Hiru kartel finalistak Bermeoko Gizarte eta Kultura etxean egingo den
erakusketan ikusi ahal izango dira astegunetan, uztailaren 5era arte. Kartel irabazlea
uztailaren 6an jakinaraziko dutela iragarri du Bermeoko Udalak. Aurten egindako lehiaketara
hamabi kartel aurkeztu dira guztira, eta epaimahaiak, Jai Batzordeko kideek, Udaleko zinegotziek eta Barrueta Arte Elkarteko kideek osatutakoak, horien artean aukeratu ditu aipatutako hiru finalistak.
Aukeraketa egiterakoan, besteak beste, kalitate artistikoa, originaltasuna, Bermeoko jai giroa adieraztea eta lehiaketaren oinarrietako ezaugarriak jasotzea (jai herrikoiak eta herritarrentzat izatea, parte-hartzaile eta sortzaileak, euskaldunak, feministak, solidarioak eta ekologistak) baloratu ditu epaimahaiak.
Epaileek nabarmendu dutenez, urte honetan aurkeztutako kartelak
estilo anitzetakoak izan dira, Bermeon dagoen sormen gaitasun handia agerian utzita. Epaimahaiak parte hartzaile guztiei eskerrak eman dizkie egindako lanagatik eta Bermeoko jaietako kartela aukeratzeko lehiaketan parte hartzeagatik.
Kartel lehiaketaren inguruko argibide gehiago nahi duten pertsonek, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean edota
kultura@bermeo.eus helbidera idatziz jaso ahal izango dituzte.