Bermeoko
XXI. Jazzaldia ekainaren 30etik uztailaren 6ra arte ospatuko dute.
Gaur egindako aurkezpenean Aingeru Astui Bermeoko Udaleko Kultura zinegotzia eta Joseba Verdes Jizz Jazz taldearen ordezkaria izan dira. Astuiren berbetan,
“eskualdeko erreferenteak” izatea lortu dute, eta Busturialdean egiten den jazz jaialdi bakarra izanik 21 urte eman dituzte jazz musika zabaltzeko asmoagaz.
Zinegotziak azaldu duenez, “Bermeo
musika jaialdi garrantzitsuen plaza” izatea nahi dute, “estilo ezberdinetako taldeak erakarriz”. Hala, udalaren helburua “herritarrak kulturaren parte eta jabe izatea” dela azpimarratu du, eta hori lortzeko gakoa “udalaren eta herriko taldeen arteko elkarlana” dela esan du. Horregatik, eskerrak eman dizkio Jizz Jazz taldeari.
Joseba Verdes eta Aingeru Astui, Bermeoko Kafe Antzokian.
21. Jazzber jaialdia “arrakastatsua izatea espero” dutela adierazi du zinegotziak, eta lortu nahi dituzten helburuen artean eskualdean
jazz musika zaletasuna eta ezagutza bultzatzea daude, musika estilo berezi horren mundua herrira hurbilduz eta jazz musikaren joera berrienak ezagutzera emanez.
Horrez gain, bertako jazz taldeak ezagutzera eman nahi dituzte, “sortzaile gazteak bultzatuz”, eta hala, aurtengo jaialdian
euskal jazz bandak izango dira protagonistak. Euskal Herrian “oso talde onak” ditugula, eta jaialdia “euren lana herriari aukezteko eszenatoki aparta dela” nabarmendu dute arduradunek.
Aurtengo Jazzberren programa
“kalitatezkoa” eta “oso erakargarria” izango dela nabarmendu du Astuik, lau egunetan zehar kontzertu bana eskainiz 21. jaialdi horretan. Hasteko,
ekainaren 30ean, zapatuan,
EIJO Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Verdes oso pozik azaldu da euskadiko musika eskola eta kontserbatorioetako ikasleek osatutako banda Jazzberrera etorriko delako, Jizz Jazz taldeak aspaldidanik “
Big Band formatuko taldea ekarri nahi izan baitu jaialdira”, ordezkariak adierazi duenez. EIJO
hogei bat musikari gaztez osatuta dago, edozein motatako instrumentuak erabiliko dituztenak, eta horiei laguntzen Gorka Benitez eta Ruber Salbador bezalako artista profesionalak egongo dira. Kontzertuan, “gazteen sormenarekin eta bat-batekotasunarekin ondo pasatzeko aukera” egongo dela adierazi dute.
Tomasz Wendt Trio, 2016ko Jazzberren. Argazkia: Bermeoko Udala
Uztailaren 4ean, eguaztenean,
Trizak hirukoteak eskainiko du kontzertua. Jon Piris bermeotarrak bultzatutako proiektu horrek ohikoak ez diren instrumentuak batzen ditu: saxoa, kontrabaxua eta bateria. Verdesek azaldu duenez, beraien kontzertuetan
inprobisazioa da nagusi, eta jotzen duten kontzertu bakoitza “desberdina” dela azaldu du Jizz Jazzeko ordezkariak.
Hurrengo egunean,
uztailaren 5ean,
Pepe Zaragoza Quintet boskote balentziarrak girotuko du arratsaldea. Horien errepertoria “gaur egungo eta beste garai batzuetako erreferentziazko gaietan oinarrituta” dagoela esan du Verdesek, eta “kontzertu interesgarria” eskainiko dutela uste du. Boskote hori
Getxoko Jazz jaialdian parte hartu ondoren dator Jazzberrera.
Jaialdiari bukaera emateko,
DND Swing Band gasteiztarra izango da Bermeon
uztailaren 6an. Jaialdiaren arduradunak hiru urtetan ahalegindu dira Gasteizko banda hori Bermeoko jaialdira etorri daitezen, eta lortu ondoren, musika taldeak aukeratutako “doinu ezagunek” ibilbide “alai, dinamiko eta erromantikoa” islatuko dutela adierazi du Verdesek, amaiera
“ezin hobea” emanez aurtengo Jazzberreri.
Kontzertu guztiak
Bermeoko Kafe Antzokian izango dira, bakoitza
20:30ean hasiz.
Sarrera doakoa izango dela baieztatu dute jaialdiaren arduradunek, eta Bermeo eta inguruetako herrietako jazz musika zaletuei edota musika zaleei “kontzertuekin gozatzeko eta jazz estiloa hobeto ezagutzeko aukera” ematea espero dute.
Hori dela eta, Astuik eta Verdesek “herriko, eskualdeko eta munduko pertsona guztiei” animatu diete XXI. Jazzberrean parte hartzera eta kontzertuekin disfrutatzera.