Sanjoanak beti hartu dira gauza txarrak uxatzeko festa bezala: sorginkeriak edota pentsamendu txarrak aldentzeko eguna dugu.
Hala ere, eatarrek jaialdia era desberdin batean ospatzen dute, sorginak eta bestelako elezahar edo madarikazioak albo batera utzita,
herriko tradizioei indarra emanez jaiek irauten duten egunetan.
Gaur emango diete hasiera jaiei, txupina jaurtita eta sardina jana eginez. Berritasun modura, gaua musikaren soinuaz alaituko dute,
plazoletan ikusi ahalko diren
kontzertuekin: Oscar Benas Instro Combo, Pushermen eta Franco igoko dira oholtzara.
Ate gainekoan herri guztia zeharkatzen dute, jai giro galantean.
Zapatuan, nola ez,
San Joan sua izango da protagonista, baina hori baino lehenago,
herri bazkariaz gozatuko dute eatarrek plazoletan. Iluntzean, urtero bezala, Dangiliske taldeagaz batera
dantzan aritzeko aukera edukiko dute, herriko plaza girotuz eta bertokoak gorputza mugitzera animatuz. Urterik urte arrakasta handia izaten duen ikuskizuna da.
Umeak, protagonistak. Domeka eta astelehena batez ere umeei zuzendutako egunak izango dira. Aurten, haurrentzako hainbat ekimen prestatu dituzte sanjoanetan, Eako Pauso Txikia gurasoen elkartearen laguntzagaz.
Horrela,
domeka arratsaldean ume eta gaztetxoek beraiei bereziki zuzendutako
txokoa izango dute,
Aritzan. Bertan, txikienek aurpegiak margotu ahal izango dituzte, baita puzgarriekin jolastu edo dantzan egin ere, figurekin jolasteaz gain.
Nagusitxoagoentzat, besteak beste, Altxorraren bila jokoa prestatuko dute, eta tripa bapo betetzeko, merienda egingo dute ume guztientzat.
Helduek ere zer egin edukiko dute domekan. Josu Bergara herriko musikariak Asunak disko berriaren kontzertua eskainiko du herriko plazoletan.
Astelehen arratsaldean, hainbat urtetan egin den umeen
harezko gazteluen lehiaketa ospatuko dute, herriko haurrek taldeka eraikiko dituzten gazteluekin. Parte hartzen dutenentzako sariak banatuko dituztela iragarri dute, gainera. Txapelketaren ostean, berritasun modura, etxeko txikienei zuzendutako ikuskizuna izango da frontoian, El Tenderete izeneko
txotxongiloen saioagaz.
Erreka Eguna da zalantza barik sanjoanetako egun bereziena eatarrentzat.
Erreka Eguna. Martitzena izango da herrikoentzako egunik gogoangarriena; Erreka Eguna ospatuko dute, egun berezietan bereziena. Eguerdian
ate gainekoagaz hasiko dira martxan. Ekitaldiak kanpoko zein herrikoak erakartzen ditu: herritik zehar ate baten gainean dantzariekin aritzen dira, jai giro ederrean.
Arratsaldean, berriz, jendea
errekan sartzen da, guztiz jantzita, eta menditik zehar itsasora heldu arte ibiltzen dira uretan; modu horretan zeharkatzen dute herria, etxeetan dauden herritarrek leihoetatik ardoa jaurtitzen dieten bitartean.
Ate gainekoak ere herritarrekin batera jarraitzen du; errekan izugarrizko giroa sortzen da urterik urte, eta jaiei amaiera borobila ematen diete modu horretan. Zalantzarik barik,
herriko tradizio politena dela diote eatarrek, eta mundu guztia animatu dute parte hartzera.
San Joan jaien egitarau osoa ikusi nahi izanez gero, egin klik
hemen.