33. Pasealekuko Udal Kirol Torneoa lehiatuko dute
uztailaren 9tik abuztuaren 9ra.
Futbito eta saskibaloi partiduak jokatuko dituzte, eta horrekin batera, atletismoa eta errugbia lantzeko tailerrak eskainiko dituzte. Futbitoan benjaminetatik hasi (2005-2006an jaiotakoak) eta senior mailara arteko herritarrek parte hartu dezakete, eta saskibaloian, ostera, txiki, kadete, junior eta senior mailak egongo dira.
Parte hartu gura dutenek
ekainaren 30a arte dute izena emateko aukera, Gazte Informazioa Bulegoan. Talde bakoitzak 50 euro ordaindu behar ditu, eta jasotako dirua Bizkaiko Elikagaien Bankuari emango diote. Umeek gurasoen baimena aurkeztu behar dute izena ematerakoan.
Herriko kirol taldeak. Gernika-Lumoko Udalak udalerriko kirol taldeekin elkarlanean antolatu du torneoa: Gernika KESB, Gernika Atletismo Taldea, Lumo Kirol Eskola, Gernika Rugby Taldea, SD Gernika Club eta Gernika Sporting. Maria Uribe Gernika-Lumoko alkateordeak txapelketa antolatzeko izan duten talde guztien laguntza eskertu du, eta gazteei parte hartzeko deia egin diete: “Hain oroitzapenak politak ekartzen dizkigun ekimen honetan parte hartzera animatzen ditut gure gazteak”. Era berean, txapelketa berreskuratzeko ideiaren bultzatzaile izan den Jagoba Bermeosolo gogoan izan du alkateordeak.
Pasealekuko Torneoak jendetza erakartzen zuen urtero-urtero udako hilabeteetan,
giro bikaina sortuz. Talde askok parte hartzen zuten, eta ikusle asko batzen zen Pasealekuko bi pistetan. Hain zuzen, torneoa berreskuratuta, giro berezi hori berriro egotea espero dute antolatzaileek.
1978. urtean jokatu zuten lehenengoz futbito txapelketa, eta 1984ean lehiatu zuten saskibaloiko lehenengo txapelketa. Futbitokoa 2004a arte lehiatu zuten Pasealekuan, eta 2006tik aurrera Urbietan jokatu izan da (futbol 7 moduan lehiatu zuten 2010a arte).

Atzo arratsaldean aurkeztu zuten torneoa.
Araudia. Saskibaloiko taldeetan gutxienez zortzi jokalari eta gehienez hamabi jokalari egon beharko dira. Futbitoan ere gutxienez zortzi jokalari egon beharko dira, eta gehienez hamabost. Talde bakoitzean
gehienez hiru federatu egon litezke, baina, futbitoko txiki, kadete eta gazte kategorietan ez dute federatu kopurua mugatu.
Talde bakoitzean arduradun bat egongo da, eta haren telefono zenbakia emango dio antolakuntzari. Izena ematen duen talde bakoitzak bere
aurreko partidua arbitratzeko konpromisoa hartuko du.