Bermeo Tuna Pintxo Tour ekimenak atuna zein hegaluzea dastatzeko eta gozatzeko aukera eskainiko du, herriko
50 taberna inguruk prestatutako pintxoen bidez.
Maiatzean Arrain Azokan aurkeztu zen Bermeo Tuna World Capital proiektuaren barnean dagoen
lehen ekimena da Tuna Pintxo Tour. BTWCaren aurkezpenean nabarmendu zutenez,
gastronomia proiektuaren atal garrantzitsu bat da, eta ekimenarekin Bermeo
atunaren hiriburua dela argi gelditzea bilatzen dute udalak eta tabernek.
Horren berri emateko bildu dira gaur Irune Ormaetxea Bermeoko Turismo eta Garapen zinegotzia, Bego Gangoiti Turismo teknikaria, Nere Mintegi Behargintzako zuzendaria, Patxi Erauzkin Bermeoko tabernen ordezkaria eta Karmele Sanchez, proiektuaren dinamizatzailea.

Patxi Erauzkin, Karmele Sanchez, Irune Ormaetxea, Bego Gangoiti eta Nere Mintegi, gaur goizeko aurkezpenean.
Ormaetxeak azaldu duenez, ekimena
uztailean eta abuztuan egingo dute, egunero pintxo berezi horiek eskainiz parte hartzen duten tabernetan. Pintxo Tour-a Bermeorako Enplegu Planaren barnean aurkitzen da, herriko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektuaren barnean dago.
Hala, uztailean, BTPTa hasterakoan, tabernen kokapena azaltzen den
plano bat banatuko duteparte hartzen duten tabernetan eta herriko turismo bulegoan. Atun pintxoak jaten diren bakoitzean, tabernek
zigilu bat emango dute, eta horietako
hamar lortuz gero Aita Guria baleontzira
doako sarrera bat irabaziko dute parte hartzaileek. Bikote batek parte hartzen badu, bi zigilu soilik errepikatu daitezkeela adierazi dute arduradunek.
“Ordu askotako lana”. Proiektua aurrera eramateko “ordu askotako lana” egin behar izan dutela nabarmendu du Turismo zinegotziak, eta “emaitza ona izatea” espero dute. Ormaetxeak ekimenaren garrantzia azpimarratu du, bisitari, herritar zein tabernarientzat herriko “eskaintza turistikoa zabaltzeko” balioko duela adieraziz, eta hori lortzea “oso positiboa” dela uste du.
Azaldu dutenez, apirilean 50 tabernetako langileek atun eta hegaluze pintxoak prestatzeko ikastaro batean hartu zuten parte. Ormaetxeak esan duenez, tabernen harrera “ona” izan da, eta parte hartzaileen kopuru handia nabarmendu du, ekimen “indartsua” izango dela adieraziz.
Ekimen zaporetsu horren antolatzaileek herritar eta bisitari guztiak pintxoen ibilaldi hori egitera gonbidatu dituzte, “Bermeok itsasoarekin duen loturarekin eta bere gastronomiarekin gozatzeko”.