1978an sortutako Bermeotar Fanfarreak urte horren ospatutako olentzeroren ibilaldian jo zuen lehen aldiz, eta ordutik hona herriko giroa alaitzen aritu dira etengabe, jaietan eta bestelako egun bereziak musika doinuaz girotuz.
Fanfarreakoek adierazi dutenez, zenbait urte daramate Erregeen Kabalgatan Musika Eskolako ikasleekin parte hartzen, aurten, udaberrian aparteko mikrokontzertu bat egiteko proposamena heldu zitzaien, txiki eta gazteenen artean musika-zaletasuna suspertzeko helburuarekin.
Beste alde batetik,
San Juan bezperarako, zapaturako, Busturialdeko Gaiteroekin eta batez ere etxeko txikienek hain gogoko dituzten protagonistekin,Erraldoi eta Buruhandiekin,
kalejira dute antolatuta,
12:30ean Goiko Plazatik irtenda Bermeoko Alde Zaharretik, Portutik eta Lameratik igarotzeko.
Uztailean, tradizio handikoa den jaian,
Madalen bezperan, nagusienentzat
dantzaldia antolatu dutela adierazi dute, pasodobleak, boleroak, jotak eta baltsak dantzatzeko aukera eskainiz herritarrei.
Fanfarreako kideak, kalejiran. Argazkia: Bermeoko Udala
Nola ez, herriko
Andra Mari jaietan ere egongo dira fanfarreakoak, eta horiei dagokienez,
bi ekintza antolatu dituzte. Bezperan, urteetan taldearen kalejiretan errefortzu gisa laguntzera etorri zaizkien musikari eta lagunen Gallartako Burdin Klash Txarangaren 10. urteurrena ere badela aprobetxatuz, bi taldeak batera ibiliko dira kalejiran, txupinazoan eta beherakadan. Sukalki eta Estropada egunean, berriz, Euskal Herriko Fanfarre onenetakoa den Sugarri ibiliko da, bai Tala eta bai Portua girotzen, euren Sugarri Show-arekin.
40. urteurrenerako prestatuta dituzten ekitaldiei amaiera emateko, udazkenean, azaroan hain zuzen ere, musikarien zaindaria den Santa Zezilia omentzeko asmoa daukatela adierazi dute. Omenaldi horretan, Bermeotarrak fanfarreako kide eta kideohiak batzeko asmoa daukate.
Lau hamarkada luze pasa dira jada musikazaleen lagun talde batek, Jose Antonio Egiaren eraginez, amets bati hasiera eman zionetik. Denbora horretan mota guztietako ekintzetan parte hartu izan dute fanfarreakoek: besteak beste, kalejirak, beherakadak, kontzertuak, dantzaldiak, prozesioak edota dantza taldeekin ikuskizunak egin dituzte.
Errepertorio zabala. Errepertorio aldetik, mota ezberdinetako kantuak jorratu izan dituzte, beti ere, bertoko musikagileei arreta berezia eskainiz: Solabarrietari, Erauzkini edota Egiari, besteak beste.
Jende ugari, zahar zein gazte, musika-tresna eskuan duela, ibili izan da Bermeoko eta beste hirietako zein herrietako kaleak alaitzen, eta hori ospatu eta oroitzeko asmo sendoa daukatela iragarri dute Bermeotarrak Fanfarreakoek.