200 txirrindulari, leku ederretan
Aixerrotape taldeak antolatutako Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista egin zuten zapatuan eskualdeko txirrindulariek. Bi ibilbide izan zituzten aukeran, eta aurtengo berritasuna Oiz mendiko kronoigoera izan zen.Pedalkadaz pedalkada, eskualdeko txoko eder...
Aixerrotape taldeak antolatutako Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista egin zuten zapatuan eskualdeko txirrindulariek. Bi ibilbide izan zituzten aukeran, eta aurtengo berritasuna Oiz mendiko kronoigoera izan zen.
Pedalkadaz pedalkada, eskualdeko txoko ederrez gozatzen. Horrela ospatu du Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak hamar urteko ibilbidea. Urteurren borobilak merezi duen moduan, aurten zenbait berrikuntzagaz egin dute Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista.Ohiko ibilbidea aldatu dute, eta, gainera, bi ibilbide eduki dituzte aukeran eskualdeko txirrindulariek. Hala, berritasun nagusia Oiz mendiko kronoigoera izan da.
Busturialdeko herritarrez gain, Bizkaiko beste herri batzuetako zein Gipuzkoa, Araba edota Kantabriako bizilagunek ere parte hartu zuten martxan.
Gazte zein heldu batu ziren zapatuan. Oizko kronoigoeran Lander Lartitegi Ormazabal izan zen azkarrena; busturiarrak 34 minutu eta 37 segundoko marka lortu zuen. Jon Mentxaka zornotzarra sartu zen bigarren, Lartitegirengandik 30 segundora, eta Pello Osoro izan zen hirugarrena, 35 minutu eta 59 segundoko denboragaz.
156 kilometroko (2.800 metroko desnibelagaz) eta 128 kilometroko (1.800 metroko desnibelagaz) ibilbideak izan zituzten aukeran parte hartzaileek, eta erdiek luzeena egin zuten, eta beste erdiek bestea.
Oizeraino ez ezik, kostaldera ere hurbildu ziren; esate baterako, Gaztelugatxeko San Juan eta Ibarrangeluko Laida eta Laga hondartzetatik pasatu ziren.
Aixerrotapekoek martxaren balorazio positiboa egin dute. Eurak zein parte hartzaileak pozik geratu zirela azaldu dute. Ibilbide ikusgarriak prestatu zituzten, eta parte hartu zuten txirrindularien berbetan, «gogorra bezain polita» izan da aurtengo martxa.
Ibilbidean zehar lau anoa postu jarri zituzten (Gaztelugatxeko San Juanen, Forua eta Gernika arteko mugan Dia parean, Aulestin eta Oizko ermitan), eta amaieran luntxa izan zuten aukeran Pasealekuan.
Jai giroan borobildu zuten martxa; sariak eta zozketak egin zituzten ibilbidea bukatzerakoan Pasealekuan.
Aixerrotape TEren ordezkariek Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista antolatzeko eduki duten laguntza eskertu dute. Babesle eta laguntzaile guztiei esker ona adierazi diete, eta batez ere, Basati Biken laguntza eskertu dute, laguntza mekanikoa eskaintzeagatik.