Eskualdeko baliabide eta langileekin
kudeaketa publikoa bermatzea posiblea dela adierazi dute.
Azken asteetan, eskualdeko EAJk Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan
integratzeko albisteak izan dira, eta horren ondorioz, EH Bilduko Busturialdeko hainbat alkate eta kargu bildu dira gaur, Bermeon, koalizioak gaiari buruz daukan iritzia emateko. Bertan, besteak beste, Iratxe Arriola Eako alkatea eta Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordea egon dira agerraldian.
Ibarrolazaren berbetan, Busturialdeko Partzuergoak, uren kudeaketaren esparruari dagokionez,
arro hidrografikoari lotutako kudeaketa baten apustua egiten du. Bizkaian, arro hidrografiko horiek neurri handi batean eskualdeekin bat egiten dutenez, Partzuergoen eguneroko kudeaketan arroak kontuan hartzearen garrantzia azpimarratu du alkateordeak.
EH Bilduko Busturialdeko karguak, gaur goizeko agerrialdian
Arriolak adierazi duenez, Busturialdeko Ur Partzuergoa eskualdeko langileez osatuta dago, eta bere
bideragarritasun ekonomikoa “frogatuta” dagoela esan du. “Bertako langileekin bertako ura kudeatzen” dela argitu du Arriolak, “hurbiltasun batekin”.
Ura, merkatuetatik kanpo. Ura “oinarrizko eskubidea” dela azpimarratu du alkateak, “ezinbestekoa den baliabidea” eguneroko bizitzarako. Hori dela eta, “merkatuen logikatik kanpo” funtzionatu behar duela aldarrikatu du, eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, publikoa den arren, bere langilegoaren %60a
uren multinazional handien eskuetan dagoela esan du, pribatizazioaren bidetik jarraituz.
Hala, partzuergoaren inbertsioak publikoak diren arren, irabazien gehiengoa pribatua dela adierazi du Arriolak, eta horrek “ura arrazoizko prezioetan ematea, ez gaur egun ezta etorkizun hurbilean ere” ez duela bermatzen .
Monopolioa. EAJk Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratzearen inguruko asmoak ez dituela onartzen argitu dute EH Bilduko karguek, “interes ekonomikoei begira” hartutako erabakia dela adieraziz. Bizkaia osorako partzuergo bakarra izateak “monopolio” batera eramango gaituela argitu du Arriolak,
“pribatizazio gordina bizkortuz”.
Horren ondorioz, gaur Gernika-Lumon ospatuko den Batzar Nagusietako Osokoan gaiaren inguruko
mozioa defendatzeko asmoa daukatela adierazi dute koaliziokoek.