Eskola Agenda 21 ekimenaren barruan, eskola foroa eta udal foroan parte hartu dute Bermeo eta Busturiako ikastetxeetako ikasleek. Aurten hainbat gai hartu dituzte kontuan: besteak beste, gosari eta hamaiketako osasuntsuak eta pipa azalak eta txikleak lurrera ez botatzeko kanpaina.
Bermeon ostiralean egin zuten eskola foroa, Bermeoko Gizarte eta Kultura etxean Idurre Bideguren Bermeoko herriko alkatearen eta Benito Ibarrolaza alkateordearen aurrean. Hala, Sagrado Corazon ikastetxeko, San Frantzisko eskolako eta Eleizalde Ikastolako guraso, ikasle eta irakasleen ordezkariek euren ikastetxeetan ingurumen eta jasangarritasunaren arloan egindako lana partekatu zuten.
Bermeoko ikastetxeetako ordezkariak, udaleko kideekin batera. Argazkia: Bermeoko Udala
Foroetan, ikastetxeek ikasturte honetan martxan dituzten proiektuei buruz eta
ingurumena zaintzeko ekimenei buruz informatu zuten. Adibidez, gaikako hondakin bilketa bultzatzeko martxan jarritako ekimenak, irtenaldiak eta eskolako hazitegia, ortua eta lorategia; izan ere, landareak zaintzeko lan handia egin dute.
Horrez gain, patruila berdea izenekoa ere martxan jarri dute, argiak itzaltzen direla ikuskatzeko edota lurrean paperik jaurtita ez daudela ikusteko zaintza egiteko.
Gosari osasuntsuak eta
pipa azalak zein txikleak lurrera ez botatzeko kanpainaren berri eman zuten foroan. Lehenengo kasuan, helburua ume eta gazteek hamaiketako osasuntsuagoak jatea izan da. Horrela, hamaiketarako ume eta gazteek opil, gailetak eta horrelakoak eraman beharrean fruta eramatea lortu nahi izan dute.
Herriaren diagnostikoak. Hori lortzeko,
diagnostikoak eta inkestak egin dituzte, lehiaketak antolatu dituzte eta irakasleak eurak ere frutaren kontsumoa bultzatu dute. Balorazioa positiboa jaso dute eta ikasturte amaieran, ikasleen fruta kontsumoa hamaiketakoetan asko gehitu dela adierazi dute. Gainera, fruta horiek, aluminio-paperean eraman beharrean, kasu askotan tuperretan eramatea ere lortu dutela gaineratu dute.
Pipa azalak eta txikleak lurrera ez botatzeko kanpainari dagokionez, kaleko zenbait zaborrontzien gainean ‘zertarako?’ kartela jarri dute eta inkestak egin dituzte ikasleek, pipa azal eta txikleekin zer egiten duten ezagutzeko.
Inkesten emaitzekin
horma irudiak egin dituzte ikasle zein herritarrei azaltzeko. Horrela, lehenik eta behin emaitzak ikastetxean bertan jakinarazi dituzte, eta, ondoren, kalera joan dira herritarrei informazioa emateko eta sentsibilizazio eta kontzientziazio lana egiteko. Herritarrek oso ondo baloratu dute ekimena.
Pipen azalak lurrera ez jaurtitzeko, pipak saltzen dituzten dendetan pipak botatzeko zorroak banatzeko proposamena luzatu zuten ikasleek. Horrez gain, pipak zein txikleak lurrera botatzeak sorrarazten dituen arazoen berri emateko
bando bat argitaratzea eskatu zioten Udalari.
Ildo berean, Bermeoko Udalari beste hainbat proposamen luzatu zizkien: edukiontziak eta inguruak gehiago garbitzea, usoak jolastokietan sortzen dituzten arazoak bideratzea, eta Atalde eta Bide Gorrian agertutako arratoien arazoa ere bideratzea. Azken gai horri buruz, Ibarrolazak jakinarazi zuenez, hilero enpresa batek egiten du lanak arazo horri irtenbidea emateko.
Bidegurenek, Ibarrolazak eta Ormaetxeak ikastetxeek ingurumenaren alde egindako lana “izugarria” izan dela azpimarratu zuten, eta horrela jarraitzeko eskatu diete. “Oso garrantzitsua da herriko ikastetxeek gure ingurumena zaintzearen alde hartzen duten konpromisoa, jasangarritasunaren garrantzia txikitatik landu eta barneratu dezaten”, adierazi zuten.
Busturiko
Jose Maria Uzelai ikastetxeko seigarren mailako ikasleek asteazkenean ospatu zituzten foroak, Aitor Aretxaga Busturiko alkatearekin batuz udaletxean, azalpenak elkarri emateko eta urtean zehar hartutako konpomisoen berri emateko. Bukatzeko, haurrek luntx batez gozatzeko aukera izan zuten.
Jose Maria Uzelai ikastetxeko seigarren mailako ikasleak, Aitor Aretxaga alkateagaz batera. Argazkia: Libe San Pedro