400 ume eta gaztetxo bildu dira Busturialdeko Dantzari Txikien Eguna ospatzeko
Mundakan ospatu zuten atzo XXXII. Busturialdeko Dantzari Txikien Eguna.
Guztira, hamaika dantza talde bildu ziren, 400 kide inguru ekarriz herrira: Mundakako Gaztezar eta Egunsenti, Busturiako Irrintzi Alai, Bermeoko Alkartasuna, Gernika-Lumoko Elai Alai, Gautegiz Arteagako Artie, Ajangizko Artxube, Foruko Urdaibai, Ibarrangeluko Lorea, Ibarruriko Baso Txoritxu eta Bakioko Itsas-alde taldeetako kideek dantza giroaz alaitu zuten atzo Mundaka.
Hala, 11:30etan hasi zuten dantzaz beteriko domeka. Talan batu ziren, haurrek hamaiketakoaz gozatzeko, eta hortik kalejiran irten ziren herri guztitik zehar, Isla Kale polikiroldegira iritsi arte. Bertan, 13:00etan eman zioten hasiera ekitaldi nagusiari, ikuskizunean dantza talde guztietako kideek Gorulariak, Kaxkarot, esku dantza, Txulalai edo Pitx bezalako dantzak eginez guraso eta lagunen aurrean.
Aurten Dantzari Eguna Mundakan ospatzearen arrazoia Gaztezar Dantza Taldeak 50 urte betetzen dituela izan dela adierazi dute ekitaldiaren arduradunek. Arduradunak oso pozik azaldu dira txikiak protagonista izan diren egun horrekin, dena “primeran” irten zela esanez eta jendea “pozarren” izan zela nabarmenduz.